Itxi

Baskonia

ACB Liga

Caja Laboral-Cajasol, (81-57): Baskoniak aurkaria jipoitu du

Erredakzioa

Arabarrek ez dute arazorik izan garaipena lortzeko. Partida ona jokatu dute eta orain Maccabiren aurkako Euroligako kanporaketan pentsatzen jar daiteke lasaitasunez. Asteartean hasiko da kanporaketa.

Caja Laboral Baskoniak jipoitu egin du Cajasol Buesa Arenan ostiralera aurreratu den ACB Ligako partidan. Gasteiztarrek 81-57ko emaitzarekin lortu dute garaipena eta ondorioz, lasaitasunez zentratu daitezke asteartean hasiko den Euroligako final-laurdenetako kanporaketan. Maccabi Tel-Aviv izango dute aurkari baskoniarrek.

Cajasolen aurkako partidari hasiera bikaina eman zion Baskoniak 8-0 partzialarekin. Honek lasaitasuna eman zion etxeko taldeari lehen laurdena maneiatzeko. Cajasol hotz atera zen kantxara eta lehen hamar minutuak Baskoniaren aldeko 23-13ko emaitzarekin bukatu ziren.

Bigarren laurdenean gorabehera gehiago izan ziren. Lehehn minutuetan Baskoniak lortu zuen aurreko laurdenean lortutako hamar puntuko abantailari eustea, baina 15. minututik aurrera Cajasol aldeak mozten hasi zen eta hiru puntura jarri ziren sevillarrak (31-28). Zorionez, ordutik aurrera bertan behera geratu zen Cajasolen erreakzioa eta Caja Laboralek berriro abantaila polita lortu zuen. Partida 39-28ko emaitzarekin irisi zen atsedenaldira.

Atsedenalditik bueltan, Baskonia izan zen jaun eta jabe. Cajasolek ez zekien nola geratu gasteiztarren jokoa eta ondorioz, Caja Laboralek 20 puntuko errenta lortu zuen hirugarren laurdenaren bukaeran (64-44).

Azken laurdenean, Baskoniak ez zuen arazorik izan garaipenari eusteko. Cajasol ez zen markagailua txukuntzeko gai izan, alderantziz, okertu egin zuten. Izan ere, Caja Laboral Baskoniak 20 puntuko alde hori areagotu zuen eta partida irabazi zuen 81-57ko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

81 - Caja Laboral (23+16+25+13): Huertas (12), Oleson (9), San Emeterio (13), Teletovic (7), Barac (11)-hasierako bostekoa-, Ribas (8), Logan (14), Batista (7).

57 - Cajasol (13+15+16+13):Calloway (4), Kirksay (3), Urtasun (4), Ivanov (2), Davis (17)-hasierako bostekoa-, Cabanas (2), Katelynas (3), Satoransky (6), Triguero (11),Sastre (5).