Baskonia
OAKA, 20:00ETAN
Lesionatuz josita egingo dio aurre gaur Baskoniak Atenasko lehiari
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Perasovicek ezin izango ditu kantxaratu Shengelia, Granger, Janning eta Garino Panathinaikosen aurka jokatzeko.
-
Ilimane Diop, lehen itzuliko partidan. Argazkia: EFE
Lesionatuta dauden hainbat jokalariren faltan jardungo du Kirolbet Baskoniak gaur Panathinaikosen aurka, Atenasen (20:00), Euroligako 27. jardunaldiari dagokion norgehiagokan.
Izan ere, Perasovicek ezin izango ditu kantxaratu Tornike Shengeliageorgiarra, Jayson Granger uruguaitarra, Matt Janning estatubatuarra eta Patricio Garino argentinarra. Azken hori berriro lesionatu zen Endesa Ligako azken jardunaldian, Iberostar Teneriferen aurkako partidan, hain zuzen ere
Egoera horren aurrean, jokatzeko gertu dauden Baskoniako jokalariek are ahalegin gehiago egin beharko dute Rick Pitinok zuzentzen duen taldea garaitzeko.
Panathinaikos Baskoniaren aurkari zuzena da play-offetarako sailkapena lortzeko lehian, arabarrengandik garaipen bakarrera baitago. Arabarrek balentria egin eta norgehiagoka irabaziko balute, hurrengo faserako sailkapena ondo bideratuta utziko lukete; aitzitik, galduz gero, arazotan sartuko litzateke taldea, eta Buesan lortutako bederatziko puntuko garaipenari begiratu beharko lioke (86-77).
Nick Calathes edota Keith Langford dira talde Greziarreko jokalari nabarmenenak. Hala ere, puntuak sartzen iaioa den Sean Kilpatrick estatubatuarra fitxatu dute oraintsu greziarrek.
Panathinaikos bolada onean dabil, lau neurketa irabazi baititu jarraian Euroligan. Gainera, estatistika onak ditu Baskoniaren aurka OAKAn: zortzi garaipen eta hiru porrot, hain justu.
Fitxa teknika:
Panathinaikos: Calathes, Kilpatrick, Thomas, Papapetrou eta Papagiannis -balizko hasierako bostekoa-; Langford, Antetokounmpo, Gist, Vougioukas, Lekavicius, Mitoglou eta Lojeski.
Kirolbet Baskonia: Vildoza, Hilliard, Shields, Voigtmann eta Poirier -balizko hasierako bostekoa-; Huertas, Diop, Jones, Sedekerskis, Penava eta Gonzalez.
Epaileak: Belosevic, Paternico eta Difallah.
Pabiloia: OAKA.