Itxi

Baskonia

27. JARDUNALDIA

Baskoniak gertu izan du balentria Atenasen, 23 puntu iraulita, baina galdu egin du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Perasovicen taldea 56-33 egon da galtzen hirugarren laurdenean, baina aurretik jartzea lortu du eta gertu izan du garaipena. Azkenerako 72-70 galdu du.

1:59
Marcelinho, Panathinaikos-Kirolbet Baskonia

Kirolbet Baskonia balentria handia lortzeko zorian egon da asteazken honetan, Atenasen, Panathinakoisi 23 puntuko aldea irauli baitio; alabaina, greziarrek erreakzionatu egin dute azken minutuetan, eta garaipean etxean gera zedila lortu dute azkenerako (72-70), Euroligako 27. jardunaldiari zegokion partidan.

Dena den, gasteiztarrek talde bien arteko averageari eustea lortu dute (bederatzi puntuko aldearekin irabazi zuten Buesan jokatu zen lehen itzuliko partidan), eta gauza garrantzitsua izan daiteke play-offetara sailkatzeko bidean, greziarrak Baskoniaren arerio zuzenak baitira une honetan.

Johannes Voigtmann alemaniarra izan da Baskoniako jokalaririk erregularrena partida osoan 18ko balorazioarekin, nahiz eta minutuak aurrera egin ahala beste zenbait taldekidek ere bere ekarpena egin duten. Hori bai, Perasovicek apenas erabili ditu zazpi jokalari, Jalen Jonesek ez baitu bost minutu ere jokatu.

Greziarren partetik, Deshaun Thomas, Georgios Papagiannis eta Nick Calathes nabarmendu dira. Azken horrek 11 puntu sartu eta 12 asistentzia banatu ditu lehiak 25. minutu bete dituenerako.

Panathinaikosek hasieratik ekin dio markagailuan agintzeari, 13-0eko partzialarekin. Baskonia ezinean aritu da, bizitasunik gabe eta erasoan bere lekua aurkitu ezinda. Gainera, Calathes joko-antolatzailea defendatzeko zailtasunak izan ditu.

Jokoan sartutako arabarren lehen saskiratzea lehen laurdena amaitzeko bi minuturen faltan heldu da. Tarte horren amaieran, 26-10 zen emaitza.

Bigarren laurdena lehenengoaren bide beretik joan da. Etxekoek erraz lortzen zituzten puntuak kontraerasoan zein eraso estatikoan, Baskoniak atzealdean egindako hutsak baliatuta. Erlojuak atsedenaldira joateko garaia zela adierazi duenean, markagailuak garbi erakusten zuen kantxan izandako aldea (48-27).

Hirugarren laurdenaren hasierak ez zuen iradokitzen norgehiagokaren ibilbidea nondik norakoa aldatuko zenik; ondorioz, Rick Pitino greziarren entrenatzaileak Calathesi atseden ematea erabaki du. Aitzitik, estrategia hori ia garesti atera zaio, markagailuak 56-33 adierazten zuenean, etxekoei puntu-jarioa eten baitzaie.

Perasovicen mutilak hazi egin dira minutuak aurrera egin ahala, eta, hirugarren laurdena amaitu denerako, asko murriztu dute bi taldeen artean zegoen zuloa (56-48), 0-15eko partzialarekin.

Arabarrek bere horretan jarraitu dute, eta markagailua erabat iraultzea lortu dute neurketaren amaierarako sei minutu falta zirenean (58-61).

Aitzitik, Panathinaikosek 5-0eko partzialarekin erantzun du (63-61), eta hortik amaierara arte aurretik izan da, nahiz eta Baskoniak ez duen inoiz etsi.

Horrenbestez, Gasteizko taldeari hortzak estutzea dagokio oraindik ere, final-laurdenetarako sailkapena lortzeko bidean.

Fitxa teknikoa:

72 - Panathinaikos (26+22+8+16): Calathes (11), Kilpatrick (14), Papapetrou (6), Deshaun Thomas (16) eta Papagiannis (10) –hasierako bostekoa–, Langford (8), Gist (-), Vougioukas (5), Lekavicius (2) eta Antetokounmpo.

70 - Kirolbet Baskonia (10+17+21+22): Vildoza (11), Hilliard (12), Shields (13), Voigtmann (9) eta Poirier (10) –hasierako bostekoa–, Huertas (13), Diop (2) eta Jones (-).

Epaileak: Ilija Belosevic (Serbia), Carmelo Paternico (Italia) eta Mehdi Difallah (Frantzia). Diop (32. min) eta Poirier (40. min) kanporatu dituzte faltengatik.