Itxi

Baskonia

6. JARDUNALDIA

Kirolbet Baskoniak hankapean hartu du Bayern (93-60)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Perasovicen gizonek jokatutako lehen laurden ikusgarrian oinarritu dute garaipena, eta alemaniarrek apenas jarri dute oztoporik.

  • Greg Monroe eta Michael Eric baloi baten borrokan

    Greg Monroe eta Michael Eric baloi baten borrokan.Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak nahikoa izan du lehen zatia Bayern Munich mendean hartzeko (93-60), ostiral honetan Buesa Arenan jokatu den Euroligako 6. jardunaldian.

Arabarrek ia hasieratik zabaldu dute zuloa "Toko" Shengeliaren gidaritzapean. Baskoniako kapitainak 28 puntuko balorazioa eskuratu du, eta sasoiko dagoela erakutsi du berriro ere. Dena den, ez da bakarrik egon, bost jokalarik hamar puntu baino gehiago lortu baitituzte. Bayernen aldetik, ordea, Greg Monroe besterik ez da aritu bere mailan.

Nik Stauskas kanadarraren saskiratzeek jarritako erritmoari jarraiki heldu diote gasteiztarrek neurketari, baina alemaniarrek erantzuten jakin dute hasiera batean, Greg Monroe erreferentzia hartuta.

Ondoren, Shengeliaren erakustaldia hasi da, eta georgiarraren saskiratzeek eta Shavon Shieldsen hiruko batek 12 puntuko aldea zabaldu dute etxekoen alde (18-6, 7. minutuan).

Perasovicerenek puntu jario etengabearekin jarraitu dute lehen laurden osoan zehar, eta, horrek 29 eta 10eko emaitza ekarri du tarte horren amaieran, zazpitik bost hiruko sartuta.

Etxekoek eraginkortasun handiarekin jarraitu dute hiruko marratik, eta markagailuko aldea 20 puntutik gora joan da. Alemaniarrak ezinean ibili dira, eta nabaritu egin dute azken orduan jokatu ezinda geratu den Nihad Dedovicen hutsunea.

Horrez gain, Monroek ez du laguntzarik aurkitu Bayernen erasoko ekintzetan; Baskonian, berriz, jokalari ugarik egin dute ekarpena hainbat egoeratan, eta, horren ondorioz, atsedenaldian zegoen emaitza oso adierazgarria izan da (52-29).

Alabaina, etxekoen saskiratze maiztasuna eten egin da aldageletatik igaro ondoren, eta bavariarrek 0-12ko partziala lortzeko baliatu dute guztiz erabakita zirudien norgehiagokari gatza eta piperra jartzeko, behin-behinean bederen.

Hiru falta pertsonal azkar egiteagatik protagonismo gutxirekin zebilen Patricio Garinoren hiruko batek, ordea, Gasteizko taldearen jokoa suspertu du.

Dejan Radonjicen mutilek defentsa gogortu dute, eta Baskoniak sufritu egin du alemaniarren maila fisikoaren aurrean. Hori bai, nahiz eta gasteiztarrek tarte horretan arazoak izan dituzten saskiari begira, markagailuko aldea beti izan da hamar puntutik gorakoa. Gainera, hirugarren zatiko amaiera onari esker, zuloak berriro gora egin du (66-47).

Baskoniarentzat oso erosoa izan da azken laurdena, eta 20 puntutik gora handitu du abantaila. Perasovicek, orduan, minutuak eman dizkie gutxiago jokatu ohi duten jokalariei. Azkenerako, 93-60ko emaitzarekin amaitu da lehia.

Fitxa teknikoa:

93 - Kirolbet Baskonia (29+23+14+27): Henry (7), Stauskas (12), Shields (5), Shengelia (19) eta Eric (4) –hasierako bostekoa–, Vildoza (3), González (2), Janning (16), Diop (3), Fall (2), Garino (10) eta Polonara (10).

60 - Bayern Múnich (10+19+18+13): Nelson (4), Zipser (7), Lucic (4), Barthel (7) eta Monroe (18) –hasierako bostekoa–, King (-), Koponen (3), Lo (12), Flaccadori (1) eta Radosevic (4).

Epaileak: Luigi Lamonica (Italia), Olegs Latisevs (Letonia), Tomasz Trawicki (Polonia). Lo kaleratu dute faltengatik (38. min).