Itxi

Baskonia

87-86

Baskoniak puntu bakarragatik irabazi dio Joventuti

Erredakzioa

Arabako taldeak 87-86ko emaitzarekin lortu du garaipena Buesa Arenan, Endesa Ligako 12. jardunaldiko partidan.

7:08
Baskonia - Joventut. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak garaipena eskuratu du Joventuten aurka (87-86) jokatu duen Endesa Ligako 12. jardunaldiari dagokion partidan. Orain, sei garaipeneko eta sei porroteko balantzea du Arabako taldeak.

Bikain ekin dio norgehiagokari Baskoniak; hasieratik jaun eta jabe izan da Velimir Perasovicek zuzentzen duen taldea, eta aurkaria mendean hartuta izan du lehen hamar minutuetan. Etxeko taldea 5-0 irabazten hasi da, eta abantaila handituz joan da, lehen laurdenaren amaieran 16 puntuko errenta eskuratu duelarik (25-9).

Bigarren laurdenaren hasieran ere nagusi izan da Kirolbet Baskonia, eta Arabako taldeak 22 puntuko abantaila erdietsi du (36-14). Hala ere, Joventutek erreakzionatzea lortu du, 0-9ko partzialarekin aldeak murriztuta (39-30). Laurdenaren amaiera txarra izan da Baskoniaren aldetik, eta aldeko 44-35eko emaitzarekin heldu da neurketa atsedenaldira.

Atsedenaldia ondo etorri zaio Perasovicek zuzentzen duen taldeari, bigarren laurdeneko azken minutuetara arte erakutsi duen maila ona berreskuratu baitu. Nagusi izan da Kirolbet Baskonia hirugarren laurdenean, eta 13 puntuko errenta lortu du azken laurdenari ekiteko (66-53).

Gehiegi erlaxatu da Arabako taldea azken hamar minutuen hasieran, eta Joventut horretaz baliatu da, aldeak murrizteko. Badalonako taldea lau puntura hurbildu da (71-67) amaierarako sei minutu falta zirenean. Lehia gehiago estutu du Joventutek, 36. minutuan bi puntura gerturatuta (80-78). Bukarerarako minutu bakarra falta zenean, Joventutek aurrea hartu du (84-86) eta alarma gorria piztu da Buesa Arenan. Hala ere, Shengeliak sartutako hiruko batek Baskonia aurretik jarri du, eta azken baloi-jabetzan, talde bisitariak ez du saskiratzea lortu. Amaieran, kostatako garaipena Kirolbet Baskoniarentzat (87-86).

Fitxa teknikoa:

87 - Kirolbet Baskonia (25+19+22+21): Henry (10), Janning (16), Stauskas (6), Shengelia (19) eta Eric (14) -hasierako taldea-, Gonzalez (-), Diop (7), Sergi Garcia (-), Fall (-), Shields (15), Polonara (-).

86 - Joventut Badalona (9+26+18+33): Zisis (6), Prepelic (20), Ventura (-), Harangody (12), Omic (7) -hasierako taldea-, Dimitrijevic (8), Buford (9), Lopez Arostegui (2), Morgan (10), Zagars (2) eta Kanter (10).

Epaileak: Emilio Perez Pizarro, Juan de Dios Oyon eta Cristobal Sanchez Cutillas. Teknika adierazi diote  Prepelic (27. min) Joventuteko jokalariari. Kaporaturik gabe.