Itxi

Baskonia

Euroligako 20. jardunaldia

Kirolbet Baskoniak ezustekoa eman nahi du CSKAren kantxan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gasteiztarrek bi garaipen baino ez dituzte lortu Moskun jokatutako 19 partidetan.

  • Pierria Henry, Zeniten aurkako neurketan.

    Pierria Henry, Zeniten aurkako neurketan. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskonia Euroligako sailkapena hobetzen saiatuko da ostiral honetan, CSKA Mosku Europako txapeldunaren kantxan, txapelketako hogeigarren jardunaldiari dagokion neurketan.

Gasteiztarrek euren kantxa madarikatuetako bat bisitatuko dute, bertan bi garaipen baino ez baitituzte lortu Moskuko hiriburuan jokatutako 19 norgehiagoketan.

Dusko Ivanovicen taldeak bigarren partida jarraian jokatuko du Errusian, asteazkenean Zeniten aurka San Petersburgon galdu ostean (72-66). Jardunaldiak aurrera egin ahala hobera egin duen taldea ezustean harrapatzeko asmoz kantxaratuko dira arabarrak.

Dimitris Itoudisen taldeak talentua galdu du joan zen denboraldiarekin alderatuta, baina lan egiteko gertu dauden jokalariak ditu aurten, eta goraka doa, nahiz eta Daniel Hackett italiarra eta Will Clyburn estatubatuarra lesionatuta dauden. Horren adierazle da aste barruan 13 garaipen jarraian zeramatzan Real Madrili irabazi zion neurketa.

Hain zuzen ere, Baskonian aritutako bi jokalari, Mike James eta Darrun Hilliard, dira Moskuko taldeko saskiratzaile nagusiak. Horrez gain, Ron Baker eta Kostas Koufos jokalariek aurrerapausoa eman dezatela espero da, Gasteizko Lauko Finalean lortutako titulua errepikatzeko aukerak indartzeko asmoz.

Baskoniari dagokionez, berriz, Euroligan igarotzen ari den bolada txarra zuzendu nahi du, azken sei partidetan garaipen bakarra erdietsi baitu.

Gasteiztarrek sailkapeneko azken postuetan kokatuta dauden taldeek baino puntu bat gehiago dute bakarrik, eta hainbat garaipen kateatu beharko lituzkete Lauko Finalaren aurreko fasea jokatzeko eskubidea ematen duten postuetara itzultzeko.

Denboraldi kaskarra izaten den honetan, Baskoniak, Velimir Perasovic aulkian zuela, CSKA garaitu zuen lehen itzuliko neurketan (80-70).