Itxi

Baskonia

Euroligako 20. jardunaldia

Baskonia balentria egiteko zorian egon da Moskun, baina ezin izan du gauzatu (94-90)

eitb.eus

Arabarrek azken laurdenean izan duten puntu jarioak asko estutu du markagailua neurketa etxekoen alde guztiz erabakita zegoela ematen zuenean.

  • Shavon Shields Nikita Kurbanoven defentsa gainditu nahian.

    Shavon Shields Nikita Kurbanoven defentsa gainditu nahian. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskonia CSKAren kantxa zailean balentria lortzetik gertu egon da ostiral honetan, Euroligako 20. jardunaldian (94-90). Arabarrak 19 puntuz galtzen joan dira azken laurdenean, hirugarren laurden kaskarra jokatu ostean, eta markagailua goitik behera iraultzeko gertu egon dira, baina euren bizkorraldia ez da nahikoa izan garaipena erdiesteko.

Gasteizko taldea norgehiagoka serioa jokatzeko gai izan da Europako txapeldunaren aurka, baina garesti ordaindu du 20. minututik 30. minutura izan duen itzalaldia. Gainera, Mike Jamesen jarioa pairatu du (33 puntu eta ehuneko onak lortu ditu kanpoko jaurtiketan).

Baskoniaren aldetik, Youssoupha Fall pibotak bere nagusitasuna ezarri du kantxan egon denean, eta 30 puntuko balorazioarekin bukatu du. Pierria Henry ere nabarmendu da, 25eko balorazioarekin eta baloirik galdu gabe.

Baskoniak ederki ekin dio partidari 0-5, 5-11 eta 12-21eko partzialekin bosgarren minutura iritsi orduko, bereziki hiruko jaurtiketek emandako bultzadarekin. Alabaina, Dimitris Itoudisek hutsartea eskatu ostean, Moskukoek defentsa estutu dute, eta arabarrei asko zaildu zaie saskirako bidea. Horren adierazle garbia da lehen laurdeneko azken bost minutuetako partziala 15-4koa izan dela (27-25). Tarte horretan, Mike James distira bereziz nabarmendu da, eta lehen zatia 13 punturekin amaitu du (hiruko marratik hirutik hiru sartu ditu).

Bigarren laurdenaren hasieran, parekatuta jarraitu du neurketak (38-36, 16. minutuan). Baskoniak Youssoupha Fallen puntuak eta erreboteak aprobetxatu ditu minutu horietan etxekoen susperraldiari eutsi ahal izateko, baina frantziarra aulkira joan da bi falta pilatuta, kirolez kontrako bat egin ondoren.

Hortik atsedenaldira iritsi bitartean, saskiratze trukaketan ibili dira talde biak. Aitzitik, errusiarrek Baskoniaren pibot erraldoiaren hutsunea baliatu dute arabarren saskipean bizpahiru errebote hartu eta saskiratze errazak lortzeko, abantaila sei puntura arte zabaltzea lortuz (52-46).

Hirugarren laurdenean, ostera, etxekoek neurketa hautsi dute, besteak beste, Mike Jamesen gidaritzapean, bai hiruko jaurtiketak erdietsita, bai hiruko jaurtiketak egiterakoan jasotako falten bidez (71-56, 28. minutua). Baskonia, gainera, noraezean ibili da kantxa gainean tarte horretan, eta bost baloi galdu ditu azken lau minutuetan, horietako hiru bata bestearen atzetik azken minutuan (75-58).

Neurketa azken laurdenean murgildu denean, guztia erabakita zegoela zirudien. Izan ere, gasteiztarren errebote-lana ez da eraginkorra izan euren saskipean, eta etxekoek puntuak pilatzen jarraitu dute bigarren eta hirugarren aukerak baliatuta (86-67, 35. minutua).

Hala ere, inork espero ez zuenean, Dusko Ivanovicen mutilen erreakzioa etorri da Fallen lan apartaren eskutik, eta lehia estutzeko gai izan dira (88-83, azken minutuan sartu direnean; 90-86, 22 segundoren faltan).

Dena den, Mike James azaldu da berriro etxekoen mesedetan, berari egindako faltak jaurtiketa libreen marratik zigortuz.

Azkenerako, beraz, garaipena Moskun geratu da, eta Baskonia esku-hutsik bueltatuko da Gasteizera Errusia aldetik egin duen bidaiatik. Ondorioz, errusiarrak sailkapeneko lehen postuetara igo dira, aste honetako bi lehiak irabazita; Baskonia, berriz, beheko partean murgildu da.

Fitxa teknikoa:

94 - CSKA Mosku (27+25+23+19): James (33), Hilliard (14), Kurbanov (4), Voigtmann (10), Hines (4) –hasierako bostekoa–, Bolomboy (3), Antonov (4), Vorontsevich (-), Hackett (4), Sant-Roos (6), Koufos (6) eta Baker (6).

90 - Kirolbet Baskonia (25+21+12+32): Henry (18), Janning (12), Shields (11), Shengelia (12), Eric (9) –hasierako bostekoa– Diop (-), Sergi Garcia (-), Fall (19), Stauskas (9) eta Polonara (-).

Epaileak: Robert Lottermoser (Alemania), Fernando Rocha (Portugal) eta Igor Dragojevic (Montenegro). Ez dute inor kanporatu.