Itxi

Baskonia

ENDESA LIGAKO FINALA (67-69)

Kirolbet Baskonia, txapeldun!!!

ERREDAKZIOA

Lehia oso estu joan da neurketa guztian zehar, berdinketa ugarirekin, baina hiru segundoren faltan Vildozak sartutako saskiratze batek garaipena eman die gasteiztarrei.

Toko Shengelia

Kirol Baskonia 2019/2020ko Endesa Ligako txapeldun bihurtu da Bartzelonari bi puntugatik irabazi ostean (67-69), partida amaitzeko hiru segundo besterik falta ez zirela Luca Vildoza joko-antolatzaile argentinarrak, neurketako jokalari baliotsuenak, lortutako saskiratze erabakigarriari esker. Horrenbestez, gasteiztarrek euren laugarren liga garaikurra irabazi dute hamar urte eta gero.

Bartzelonak jaurtiketa libre bat sartuta lortu du neurketako lehen puntua, eta Baskoniak biko saskiratze batekin erantzun du (1-2). Ondoren, parekotasuna izan da nagusi, eta bi taldeetako bat ere ez da gai izan zuloa irekitzeko. Hala ere, lehen laurdenaren erdialdetik aurrera Baskonia nagusi izan da, eta sei puntuko abantaila (9-15) eskuratu du. Bartzelonak, ordea, aldeak murriztu ditu, eta aurrea ere hartu du (16-15), baina Diopen saskiratze baten eraginez, Arabako taldeak  puntu bateko errentarekin amaitu ditu lehen hamar minutuak (16-17).

Bigarren laurdenari oso hasiera txarra eman dio talde gasteiztarrak, eta Bartzelona horretaz baliatu da bederatzi puntuko errenta hartzeko (29-18). Asko kosta zaio Baskoniari Bartzelonaren defentsa gainditzea, eta ia laurden guztian zehar zazpi puntuko desabantailarekin ibili da. Atsedenaldira, sei puntu azpitik (39-33) heldu da Arabako taldea.

Shengelia Oriolaren defentsa gainditu nahian. Argazkia: EFE

Atsedenalditik itzuli ostean, saskiratu ezinda ibili dira bi taldeak, eta ia bi minuturen ondoren Baskonia izan da saskiratzea lortu duena. Pixkanaka, nagusitzen hasi da Arabako taldea, eta desabantaila murriztean gain, aurrea hartu du, lau puntuko errenta eskuratuta (43-47). Jarraian, Bartzelonaren erantzuna etorri da, lehia berdintzea lortu duelarik (47-47). Parekotasuna izan da nagusi ondoren, eta hirugarren laurdena berdinduta amaitu da (51-51).

Azken laurdenaren hasieran, Baskoniak bi saskiratze jarraian lortu ditu (51-55). Ondoren, Bartzelona izan da aldeak murriztu dituena (57-58). Hasierako minutuetako zoramenaren ostean, indarrak parekatu egin dira, eta berdinketak bata bestearen ostean eman dira (62-62 eta 64-64). Gainera, norgehiagoka berdinduta (67-67) heldu da azken segundoetara. Luca Vildoza finaleko jokalari onenak aurretik jarri du Arabako taldea. Azken jabetza Barçak izan du, partida irabazten saiatu da hiruko jaurtiketa baten bidez, baina ez du asmatu, eta Kirolbet Baskoniak garaipena (67-69) eta titulua eskuratu ditu.

Fitxa teknikoa:

67 - Bartzelona (16+23+12+16): Hanga (3), Higgins (14), Claver (4), Mirotic (8), Tomic (2) -hasierako bostekoa- Davies (4), Heurtel (21), Oriola (3), Abrines (-) eta Kuric (8).

69 - Kirolbet Baskonia (17+16+18+18): Henry (2), Vildoza (17), Shields (9), Shengelia (14), Eric (2) -hasierako bostekoa- Jannings (8), Diop (10), Granger (-), Dragic (3) eta Polonara (4).

Epaileak: Peruga, Hierrezuelo eta Conde. Mirotic (Bartzelona) kanporatu dute bost faltarekin.