Baskonia
Superkopa
Bilbao Basket-Caja Laboral, (88-93): Baskonia, garaipena eta finalera
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Arabarrak nagusi izan dira lehen hiru laurdenetan eta gehiegi sufritu dute azken laurdenean Bilbao Basketen kemenaren ondorioz. Titulua eskuratzeko lehian ariko dira gasteiztarrak larunbatean.
-
Caja Laboral Baskoniak 88-93 irabazi dio Bizkaia Bilbao Basketi Superkopan. Argazkia: EFE
Caja Laboral Baskoniak Endesa Superkopako finalerako txartela lortu du lehen finalerdian etxeko taldeari, Bizkaia Bilbao Basketi 88-93 irabazita txapelketako lehen finalerdian.
Lehen laurdenean jaun eta jabe izan zen Caja Laboral eta arabarrak pixkanaka alde politak lortzen hasi ziren. Horrenbestez, Baskoniak 14 puntuko aldearekin amaitu zituen lehen hamar minutuak (18-32).
Antzera joan ziren gauzak bigarren laurdenean ere. Bilbao Basketek erreakzionatzeko saiakera egin zuen, baina saikaeran soilik geratu zen. Baskoniak tinko jarraitu zuen defentsan eta ondo erasoan. Ondorioz, aurretik lortutako abantaila handitu zuten baskoniarrek. Partida 37-53ko emaitzarekin iritsi zen atsedenaldira.
Hirugarren laurdenean partidaren gidoia zertxobait aldatu zen. Hasierako minutuetan, ordea, Baskoniak aldeak handitu zituen Heurtelen bi hirukorekin (37-61). Dena den, Bilbao Basketek garaiz erreakzionatu zuen eta aldeak murriztea lortu zuen. Bizkaitarrek 15 puntuko desabantailarekin bukatu zuten hirugarren laurdena.
Azken laurdenean uste baino estuasun gehiago pasa zituen Caja Laboralek. Hementxe ikusi zen Bilbao Basketen jokorik onena eta aldeak pixkanaka murriztuz bost puntura kokatu ziren Katsikarisen mutilak partida amaitzeko bi minutu geratzen zirenean (73-80). Bizkaitarrek markagailua gehiago estutzea ere lortu zuten; azken minutuan hiru puntura jarri baitziren (79-82). Hala eta guztiz, Caja Laboralek bikain maneiatu zituen azken segundoak eta garaipena eskuratu zuen.
Azkenean, Caja Laboral Baskonia atera zen irabazle 88-93ko emaitzarekin eta arabarrak titulua lortzeagatik lehiatuko dira larunbat honetan arratsaldeko 18:00etan jokatuko den finalean.
Fitxa teknikoa:
88 - Bizkaia Bilbao Basket (18+19+17+34): Jackson (15), Blums (9), Mumbru (13), Banic (16) eta D'or Fischer (12) –hasierako bostekoa-; Fisher (3), Grimau (12), Vasileiadis (8), Kakiouzis (-) eta Mavroeidis (-).
93 - Caja Laboral (32+21+16+24): Heurtel (8), Oleson (23), San Emeterio (18), Teletovic (7) eta Milko Bjelica (4) –hasierako bostekoa-; Prigioni (-), Ribas (14), Nemanja Bjelica (3), Seraphin (13) eta Dorsey (3).
Partzialak: 18-32, 37-53 (atsedenaldia); 54-69 eta 88-93 (amaiera).
Epaileak: Perez Pizarro, Conde eta Jimenez.