Baskonia
Euroleague Basketball
Caja Laboral-Gescrap Bizkaia (84-89): Derbia, Bilbao Basketentzat
A.B.
Erredakzioa
Talde bizkaitarrak partida ona jokatu du hasieratik, baina azken laurdenean sufritu egin du norgehiagoka irabazteko. Bi garaipen dituzte Katsikarisenek eta hiru, arabarrek.
-
Banic eta Bjelica taulapean baloi bategatik lehian Iradier Arenako euskal derbian. Argazkia: EFE
Asteazken gauean jokatu zen Gasteizko Iradier Arenan euskal derbia lehen aldiz Euroligan. Caja Laboral Baskonia eta Gescrap Bizkaia aritu ziren aurrez aurre eta garaipena bizkaitarrek eskuratu zuten 84-89ko emaitzarekin.
Bikain ekin zion Gescrap Bizkaiak partidari. Talde bizkaitarrak 0-6ko partziala sartu zion Baskoniari hasieran. Etxeko taldeak, ordea, erreakzionatu eta aldeak murriztu zituen lau puntura jarriz (7-11). Geroago, Bilbao Basketek abantaila garrantzitsua lortu zuen berriro markagailuan (11-20) eta Baskoniak ia ezin izan zuen desabantaila murriztu. Lehen hamar minutuak Gescrapen aldeko 17-25eko emaitzarekin bukatu ziren.
Bigarren laurdenean ere Bilbao Basketek agindu zuen bai jokoan baita markagailuan ere. Caja Laboralek arazoak izan zituen talde bizkaitarraren defentsa sendoari min egiteko eta hiruko marratik ere ez ziren fin ibili. Horrenbestez, Gescrap Bizkaia bost puntuko abantailarekin iritsi zen atsedenaldira (36-41).
Atsedenalditik bueltan, Baskoniak partida berdintzea (48-48) eta lehen aldiz markagailuan aurrea hartzea lortu zuten (51-50). Laurdena oso berdindua izan zen, baina azken minutuetan talde bizkaitarra nagusitu zen eta lau puntuko abantaila lortu zuten (62-66).
Azken laurdenean denetarik gertatu zen. Baskoniak hasierako minutuetan bere joko onena erakutsi eta abantaila polita hartu zuen (81-76). Bost puntuko aldearekin bazirudien Baskoniari ez ziola garaipenak alde egingo, baina Gescrap Bizkaiak ez zuen etsi eta azkenaraino borrokatuta derbia irabazi zuen (84-89). Bilbao Basketek bigarren garaipena eskuratu zuen Euroligan eta Baskoniak hiru garaipenekin jarraitzen du.
Fitxa teknika:
84.- Caja Laboral (17+19+26+22): Heurtel, Oleson, San Emeterio (13), Teletovic (26), Dorsey-hasierako bostekoa-, Ribas (6), Prigioni (17), M. Bjelica (7), N. Bjelica (6), Seraphin (9).
89.- Gescrap Bizkaia (25+16+25+23): A. Jackson (8), Grimau (7) Vasileiadis (21), Banic (12), D. Fischer (10) -hasierako bostekoa-, Mavroeidis (6), Mumbru (14), López (4), Blums (5), Krupalija, J. Fisher (2) eta Hampl.