Baskonia
Gaur, 20:45ean
Caja Laboralek aukera paregabea du finalerako txartela eskuratzeko
Erredakzioa
Ivanovicen taldeak Endesa Ligako finala garaipen bakarrera du. Hala ere, Real Madril gainditzeko Baskoniak gogor borrokatu beharko du.
-
Teletovic eta Felipe Reyes. Argazkia: EFE
Nocioni denboraldiko neurketarik garrantzitsuena jokatzeko moduan izango ote den zalantzan dago oraindik. Argentinako jokalariak ezker izterreko giharretan haustura txikia du, eta finalerdietan soilik hiru minutu jokatu ditu.
Asteartean asko sufritu zuen Baskoniak garaipena eskuratzeko, baina zaleek gozatu ederra hartu zuten. Gaur, Buesa Arenako harmailak zalez gainezka egongo dira berriro.
Kanporaketako hirugarren norgehiagokan baino gogorrago borrokatu beharko da errebotean Caja Laboral. Ivanovicen taldeak 26 errebote lortu zituen, eta Lasoren mutilek 48. Gainera Real Madrilen erritmo bizia gelditzeko gai izan beharko da Baskonia, talde zuriak erraz lortzen baititu puntuak.
Partidako gakoa Sergio Llull eta Sergio Rodriguez gelditzea izango da. Real Madrileko joko-antolatzaileak erritmo bizia ezartzeko eta saskiratze garrantzitsuak lortzeko gai dira, eta Arabako taldeak asko sendotu beharko du defentsa, jokalari bi hauek kontrolatzeko.