Itxi

Baskonia

Aldaketa, aulkian

Baskoniak Joan Peñarroya kargugabetu du, eta Dusko Ivanovic fitxatu du entrenatzaile gisa

EITB MEDIA

Montenegroko entrenatzaileak, hala, laugarren aldiz zuzenduko du Gasteizko taldea, denboraldiaren amaierara arte. Peñarroya 2022-23 denboraldian eta denboraldi honen hasieran izan da Baskonian.

  • Dusko Ivanovic Baskoniara bueltatu da. Argazkia: EFE.

    Dusko Ivanovic Baskoniara bueltatu da. Argazkia: EFE.

Baskoniak Joan Peñarroya kargugabetu du taldeko entrenatzaile gisa, eta Dusko Ivanovic fitxatu du haren ordez, denboraldi honen amaierara arte, Gasteizko klubak jakitera eman duenez. Montenegroko entrenatzaileak, hala, laugarren aldiz zuzenduko du Arabako taldea; entrenatzaile kataluniarra, ordea, 2022-23 denboraldian eta denboraldi honetako hasieran izan da taldearen arduraduna. Ivanovic ondorengo orduetan aurkeztuko dute, eta laster zuzenduko du lehenengo entrenamendua.

Dusko Ivanovicek 2000tik 2005era bitartean entrenatu zuen Baskonia aurreneko aldiz, 2008tik 2012ra ere izan zen Gasteizko taldearen entrenatzailea, eta 2019an bueltatu zen, 2021era arte. Hain zuzen ere, 2021-22 denboraldiko hasieran kargugabetu zuten, 2021eko azaroan, taldea ez baitzebilen ondo emaitzei dagokienez. Neven Spahijak ordezkatu zuen, orduan.

Baskoniako entrenatzaile bezala, Ivanovicek hiru aldiz lortu du Liga irabaztea, 2002an, 2010ean eta 2020an, beste hiru alditan Kopa, 2002an, 2004an eta 2009an; Superkopa, behin, 2008an. Hala, klubaren historian txapelketarik gehien erdietsi dituen entrenatzailea da.

Joan Peñarroyak, berriz, 16 hilabete eman ditu taldea zuzentzen. 2022-23 denboraldian, Baskoniak bigarren postuan amaitu zuen Endesa Ligako fase erregularra, eta gerora, play-offetan, final laurdenetan kanporatu zuen Joventutek; Kopan, talde horrek berak, Joventutek, final laurdenetan menderatu zuen Arabako taldea; eta Euroligan, Baskonia play-offetik oso gertu gelditu zen, fase erregularra bederatzigarren tokian amaitu zuen eta. Peñarroyarekin, Baskoniak, 2022-23 denboraldian, hainbat partida ikusgarri jokatu zituen; 2023-24 honetan izandako emaitzek, aldiz, kargugabetzea eragin dute. Guztira, 84 neurketatan zuzendu du Gasteizko taldea, Euroliga, Endesa Liga eta Errege Kopa kontuan izanik.