Saskibaloia
Eurokoparen atarikoa
Lointek Gernikak PAS Gianina talde greziarra jipoitu du haren kantxan (57-90)
EITB Media
Lucas Fernandezen jokalariak nagusi izan dira partida osoan, eta azkar bideratu dute norgehiagoka, greziarrei ia aukerarik eman gabe. Horrela, kanporaketa ia erabakita utzi dute.
-
Partidan zehar izandako lehietako bat, Grezian. Irudia: Lointek Gernika Bizkaia
Lointek Gernika Bizkaiak PAS Giannina talde greziarraren kantxa bisitatu du gaur arratsaldean, Eurokopako atariko joaneko partidan, eta kanporaketa ia erabakita utzi du, datorren astean Malosten hondamendia gertatu ezean.
Lucas Fernandezen jokalariek azkar bideratu dute partida, lehen laurdenean erritmo bizia ezarriz eta kanpoko jaurtiketa aprobetxatuz, biko jaurtiketetan 7tik 4 asmatuta eta 12 saiakeretatik 6 hiruko saskiratuta. Horrela, lehen laurdenean egin dute alde markagailuan (12-26).
Bigarren laurdena bide beretik joan da, 17-28ko partzialarekin. Gernikako taldea 29-54 irabazten joan da atsedenaldira. lehen zatian 24 errebote bilduta eta Salvadoresek 11 puntu eskuratuta.
Atsedenaldiaren ostean, ez da norgehiagokaren dinamika aldatu, eta Bizkaiko taldeak 10-21eko partziala sartu dio Greziakoari, hirugarren laurdena 41-75 amaitzeko. Azken laurdenean, Lointekek bere garaipen garbia berretsi besterik ez du egin. Norgehiagoka 57-90 emaitzarekin amaitu da.
Bizkaiko taldeak egindako partidak meritu handia du; izan ere, lehen taldeko zortzi jokalari eta harrobiko jokalari bat, Ane Iturrioz, eraman ditu Greziara, Cameron Williams eta Taylor Jones estatubatuarrak min hartuta baitaude. Williamsek ezkerreko oineko Akilesen tendoia hautsi zuen joan den astean lagunarteko partida batean, eta ebakuntza egin beharko diote. Jonesek, berriz, bi aste daramatza taldekideekin entrenatu gabe, bizkarrean mina duelako.
Naia Zubiaga eskolta ere ez da Greziara joan, arazo fisikoak baitiu, ezta Sarah Polleros hegaleko pibot alemana ere, 23 urtez azpiko 3x3 modalitateko munduko txapelketa jokatzen ari baita.
Itzulerako partida Malosten jokatuko da, asteazkenean, irailak 24, 20:30ean. Irabazlea Eurokopako C multzoan izango da, Hungariako NKA Universitas Pecs, Israelgo Elitzur Ramla eta Portugalgo Sportiva Azoris Hotels taldeekin batera.

