Saskibaloia
Endesa Liga (1. J)
IDK Euskotren, Lointek Gernika eta Kutxabank Araskik garaipen banarekin hasi dute denboraldia
L. U. | EITB
IDK Euskotrenek Spar Gran Canaria gainditu du (60-56), eta Lointek Gernikak Estudiantes (89-88). Arabako taldeak, berriz, garaipen historikoa lortu du Salamancako Perfumerias Avenida taldearen aurka (57-56).
-
Kutxabank Araski taldea zoriontsu garaipena eskuratuta Argazkia: @Araski
IDK Euskotrenek Spar Gran Canariaren aurka jokatu du Gaskan. Donostiarrak lau puntuko aldearekin gailendu dira, 60-56. Lehenengo eta hirugarren laurdenak bisitarientzat izan dira, bigarrenean eta azkenekoan, aldiz, Azu Muguruzarenak hobeak izan dira, eta lan on horri esker, lehen garaipena lortu dute.
Lointek Gernikak, bestalde, in extremis lortu du garaipena, luzapenean. Izan ere, bizkaitarrek puntu bateko aldearekin irabazi diote Estudiantesi (89-88). Merezimendu handiko garaipena izan da, Lointekek ez baitio aurpegirik galdu norgehiagokari. 78 puntuko berdinketarekin, partida luzapenera joan da, eta hor partida irabazteko gai izan da talde bizkaitarra.
Baina garaipenik esanguratsuena Kutxabank Araskik lortu du. Hamar urteko ibilbidean, lehen aldiz irabazi baitio Perfumerias Avenidari (57-56). Salamancako taldeak azken baloia izan du, azken erasoa, baina Araskik gogor defendatu du garaipen historikoa lortzeko.

