Itxi

Saskibaloia

Munduko Txapelketa

AEB eta Espainia, Munduko Txapelketaren bila

Erredakzioa

Bi faborito nagusiez gain, Argentina, Lituania, Grezia, Brasil eta Serbiak ere urrea nahi dute. Bilbon egongo da, besteren artean, Estatu Batuetako selekzioa.

1:32

Ameriketako Estatu Batuetako selekzioa da, zortzi urte galdu gabe eman ostean, Munduko Txapelketa irabazteko faborito nagusia. Espainia, etxean, lehenengo postua kendu ahal dion selekziorik sendoena da. Bilbo da egoitzetako bat, Madril, Bartzelona, Kanaria Handia, Sevilla eta Granadarekin batera.

Estatu Batuetako selekzioa Barakaldon entrenatu da, LeBron James, Kevin Durant, Carmelo Anthony, Kobe Bryant edo Chris Paul gabe. Hala ere, NBAko harrobia nahiko da hautagai nagusia izateko.

Azken zortzi urteetan, Turkiako Munduko Txapelketa eta Beijingeko eta Londreseko Olinpiar Jokoak irabazi zituen, azken horiek Espainiaren aurka finalean, baina nagusitasuna ez da erabatekoa.

James Harden, Stephen Curry edo Derrick Rose, belauneko bi lesioren ostean, selekzioaren protagonista saskiratzaileak izango dira. Anthony Davis aukerarik onena da saskitik hurbil. Bilbon ere Turkia, Ukraina, Finlandia, Zeelanda Berria eta Dominikar Errepublika egongo dira.

Espainia izango du aurrean, etxeko lehenengo tituluaren bila. Esloveniako Eurobasketen brontzea irabazita, final batera itzuli nahi du Espainiak, inoizko belaunaldirik onena baliatuta. Azken txapelketa izan daiteke askorentzat.

Pau Gasol eta Juan Carlos Navarro buruan, eta Juan Antonio Orengak gidatuta, helburua 2007ko Eurobasketen ezin izan zuten lortu urrea eskuratzea da, etxean ere bai. Izar guztiak prest egongo dira. Pau Gasol, inoiz baino atseden handien hartuta, ez du denboraldi nekagarria izan Los Angeles Lakersekin.

Marc Gasolek eta Serge Ibakak osatzen dute txapelketako barneko jokorik onena, eta beste hiru NBAko jokalarik laguntzen diete: Jose Manuel Calderon, Ricky Rubio eta Victor Claver. Juan Carlos Navarrok eta Rudy Fernandezek lan saskiratzailea eskaintzen dute kanpotik, Sergio Rodriguezek eta Sergio Llullek, gatza; Felipe Reyesek, eskarmentua, eta Alex Abrinesek, gaztetasuna.

Beste selekzioek -Argentina, Lituania, Grezia, Brasil eta Serbia, kasu- lehenengo postua irabazteko borrokan ere egon nahi dute.

Baskoniako bi jokalari egongo dira Munduko Txapelketan, biak Frantziako selekzioarekin: Thomas Heurtel eta Kim Tillie.