Saskibaloia
Batzar Nagusia
ACBk berretsi egin du ez duela Ourense inskribatuko
Agentziak | Erredakzioa
Hortaz, txapelketan 18 talde izango dira. Egutegia asteartean emango dute ezagutzera, irailaren 1ean.
Saskibaloi Kluben Elkartearen (ACB) Batzar Nagusiak berretsi egin du ez duela Ourense inskribatuko; beraz, ez du beteko Kirol Kontseilu Nagusiak (CSD) erabakitakoa, eta ebazpen horren aurrean "erabateko desadostasuna" agertu du.
Uztailaren 3an, ACBren Batzar Nagusiak Ourense eta Tizona Burgos ez onartzea eta betegabeko postua Fuenlabradari eskaintzea adostu zuen; izan ere, Galiziako taldeak ez zuen gainditu kontuen auditoria, lehiaketan parte hartzeko behar-beharrezkoa.
Ourensek Kirolaren Auzitegi Administratibora jo zuen, eta horrek, bere aldetik, CSDra igorri zuen, auzi hori argitzeko ardura harena delakoan. Abuztuaren 11n, CSDk Ourense txapelketan sartzera behartu zuen ACB.
"Desegiteko prozesuan"
Astelehen honetan, ACBk berriro eztabaidatu du gaia, eta klubek izendatutako auditorearen txostena izan dute kontuan; bertan, Ourense ekainaren 30ean desegiteko prozesuan zegoela baieztatzen da, taldeen arabera.
"Batzar Nagusia CSDren ebazpenaren kontra dago erabat, Elkarteak bere burua antolatzeko gaitasunean esku-sartzea dela uste baitu, eta legearekin bat ez datorrelako. Hortaz, klubek aho batez erabaki dute ebazpenaren aurrean helegitea aurkeztea, berehala, eta auzian parte hartzea, banaka eta ACBrekin batera", zehaztu du.
Hala, ACBk berretsi egin du Ourense ez duela inskribatuko, eta postu bat betegabe dagoela. "Ourense 2015eko ekainaren 30ean desegiteko prozesuan zegoen, eta CSDk ez zuen onartu Ourenseren eskaera, Batzar Nagusiak hartutako ebazpena indargabetzea eskatzen zuena, alegia", argudiatu dute.
ACBk, hortaz, 2015-16 denboraldiko egutegian 18 talderen arteko partidak izango direla berretsi du; asteartean emango dute ezagutzera, eta Gipuzkoa Basket eta Fuenlabradaren parte-hartzea izango dute. Laboral Kutxa eta Bilbao Basket ere izango dira talde horien artean.
Ourensek txapelketa bertan behera uztea eskatuko du
Antonio Gavilanes Ourense taldeko presidentea "harrituta" agertu da, ACBren erabakiaren aurrean, eta aurreratu du kautelazko neurri bezala txapelketa bertan behera uztea eskatuko duela. "Erabaki koldarra da, baina harrituta gaude; izan ere, legea gure alde dago. Oinarri juridikoek diote arrazoia dugula, eta amaieraraino joango gara gure interesen alde egiteko", esan du EFE albiste-agentziari egindako adierazpenetan.