Saskibaloia
Endesa Liga
Baskonia-UCAM, Bilbao Basket-Valentzia eta GBC-Fuenlabrada, 18:00etan
Erredakzioa
Endesa Ligako hiru euskal ordezkariek etxean jokatuko dituzte 6. jardunaldiko partidak eta hirurek ordu berean egingo dute; 18:00etan.
Endesa Ligako hiru euskal taldeek, Laboral Kutxa Baskoniak, Dominion Bilbao Basketek eta RETAbet.es GBCk igandean jokatuko dituzte 6. jardunaldiko partidak. Gainera, hirurek etxean jokatuko dute, eta ordu berean: 18:00etan.
Laboral Kutxak UCAM Murtzia izango du aurkari Buesa Arenan. Arabako taldeak garaipena lortu nahi du Euroligan Cedevitaren aurka jasotako porrota ahazteko. Aurrean, orain arte bi garaipen eta hiru porrot jaso dituen taldea izango dute. Murtziarrek Bilbao Basketi irabazi zioten iragan jardunaldian.
Bilbao Arenan, Dominion Bilbao Basketek Endesa Ligako liderra den Valentzia izango du aurkari. Valentziarrek, orain arte Ligan jokatutako partida guztiak irabazi dituzte. Bizkaitarrak, aldiz, indartsu iritsiko dira norgehiagokara Eurokopan Trentori irabazi eta A multzoko lidergoa eskuratu ondoren.
Azkenik, RETAbet.es GBCk denboraldiko lehen garaipena eskuratu nahi du. Horretarako Fuenlabrada gainditu beharko du Illunben. Gipuzkoa Basketek orain arte jokatutako partida guztiak galdu egin ditu, eta Fuenlabradak bi garaipen eta hiru porrot jaso ditu.