Itxi

Baskonia

Buesa Arena

Caja Laboral-Cibona: Azken aukera

Erredakzioa

Talde gasteiztarrak Cibonari irabazi behar dio bai ala bai, eta Khimki-Olinpiakos partidaren emaitzari itxaron final-laurdenetan egoteko. Jardunaldi guztia, 19:15ean.

Caja Laboral Baskonia ostegunean, Zagrebeko Cibonaren aurka eta 40 minutuz, Euroligako txartela jokoan jarrito du eta garaipena ezinbestekoa du aurrera egin ahal izateko.

Gainera, puntu alde nabarmena behar du eta Khimkiren eta Olinpiakosen artekoari begira egon. Errusiarrek baskoniarrek baino zazpi puntu gehiagogatik irabazten badute euren partida Caja Laboral kanpoan geldituko litzateke.

Arabarrak eta errusiarrak sailkapenean berdinduta daude, euren arteko "basket average"a berdinduta dute eta orokorrera begiratu beharko diote. Horretan, Caja Laboralek -18ko diferentzia du, eta Khimkik -24koa.

Splitterrek ez du jokatuko

Ivanovicek ezin izango du Splitter kantxaratu min hartuta jarraitzen baitu. Eliyahuk minutu batzuk jokatu ahal izango ditu, baina pubisa minduta du oraindik.

Kroaziarrek final-laurdenak jokatzeko aukerak dituzte Gasteizen irabazten baldin badute. Entrenatzaile Velimir Perasovic dute, Baskoniako jokalari ohia, eta ondo hartuko dute Gasteizen zalantzarik gabe.

Bogdanovicek zuntz-haustura dauka eta ezin izango du jokatu. Marko Tomasek, aldiz, orkatila bihurrituta dauka.

Jamont Gordonek, ordea, jokatuko du. Top 16an 21 puntu eta sei asistentzia egiten ditu batez beste Cibonak antolatzaileak.