Baskonia
Superkopa ACB
Caja Laboral-Power E. Valentzia (66-67): Baskonia, finalik gabe
Erredakzioa
Dusko Ivanovicen taldeak ezin izan du Valentzia gainditu eta finaletik at gelditu da, Superkopako anfitrioiaren madarikazioa luzatuz.
Caja Laboral Baskoniak ezin izan du Power Electronics Valentzia gainditu (66-67) eta Gasteizko Superkopatik at gelditu da. Superkopako antolatzailearen madarikazioak, beraz, ez du etenik, antolatzaileak sekula ez baitu irabazi txapelketa hau.
Baskoniaren hasiera ikusgarria izan da eta bigarren minuturako etxekoak 7-0ekoaren ziren Loganen, San Emeterioren eta Huertasen saskiratzeei esker. Dusko Ivanovicen denboraldiko lehenengo bostekoan izan dira hiru jokalari hauek, Teletovic eta Barac pibotekin batera.
Hasiera bizi honen ondoren, Power Electronics Valentziak indarrak orekatu ditu. Manuel Husseinen taldeak erritmoa hartu eta markagailua estutu du. Lehenengo laurdenaren amaieran bi puntuko aldea besterik ez du izan Baskoniak (20-18).
Bigarren laurdenean, Power Electronics Valentziak defentsak gogortu eta doitu ditu eta Caja Laboralek erasoei amaiera ona emateko zailtasunak izan ditu, batez ere Stanko Barac kantxan izan ez denean. Hala ere, Ivanovicenek erdi-lanetan markagailuan agintzen jarraitu dute (37-34).
Egiteko lan asko duela gelditzen zaiola nabaritu zaio Baskoniari partidan zehar. Hirugarren laurdenean, esaterako, Power Electronics nagusi izan da, erakustaldirik eman gabe, baina nagusi. Horixe bera aprobetxatu dute valentziarrek azken laurdenaren hasierara puntu bateko aldearekin heltzeko (52-53).
Azken laurdenaren erdialdean, Power Electronicsek bost puntuko aldea eskuratu du. Ez da erabakigarria izan Baskoniak berriro partida orekatzeko gaitasuna izan duelako eta dena azken jokaldietarako gelditu da.
Partida amaitzeko 2,1 segundoren faltan, Nando de Colok sekulako saskiratzea egin du eta Valentzia markagailuan aurretik jarri du. Hau bai erabakigarria. Baskoniak ez du astirik izan beste saskiratze bat egiteko eta agur esan behar izan dio "bere" Superkopari; Valentzia, finalera.
Fitxa teknikoa:
66 - Caja Laboral (20+17+15+14): Huertas (10), Logan (2), San Emeterio (12), Teletovic (14), Barac (13) -hasierako bostekoa-, Ribas, Pietrus (5), Bjelica (3), Oleson (2), Haislip (5),
67 - Power Electronics Valencia (18+16+19+14): Cook, Martínez (6), Richardson (2), Lishchuk (18), Savanovic (10) -hasierako bostekoa-, Sundov (14), De Colo (17), Claver, Simeón.