Saskibaloia
Eurokopa
Gernikak ezinbestean irabazi behar dio Cegledi etxean, aukera apurrak ez agortzeko
Erredakzioa
Casillako pabiloiak hartuko du Gernikakoen partida. Zuzenean EiTBn 20:00etatik aurrera.
Lointek Gernika Bizkaiak CEKK Cegled talde hungariarraren bisita jasoko du gaur Casillako pabiloian, Eurokopako Multzoen Faseko bosgarren jardunaldian. Nahitaez irabazi beharreko norgehiagoka dute bizkaitarrek, hurrengo fasera sailkatu ahal izateko dituzten aukera apurrak agortze aldera.
Gernikarrak G Multzoko azken postuan daude, orain arteko neurketa guztiak galdu baitituzte. Estreinakoan, Gironaren aurka (57-81) men egin behar izan zuten etxean, eta baita jarraian etxetik kanpo jokatu dituzten beste hiruretan ere: Cegleden aurka (80-68), Landes Basket frantziarren kontra (72-64) eta Gironaren etxean (81-68).
Emaitza horiek kontuan hartuta, Gernika behartuta dago etxean jokatu behar dituen bi lehiak garaitzera, hirugarren sailkatzen diren lau talde hoberenen artean izan nahi baldin badute. Porrot batek Landesen aurkako azken partida interesik gabe utziko luke.
Alabaina, Cegled ere garaipen premiaz iritsiko da Bilbora, multzoko hirugarrena baita, garaipen bakarrarekin; hain zuzen ere, Gernikaren aurka Hungarian erdietsi zutena.
Bizkaitarren artean Talia Caldwellek debuta egingo du Europako txapelketan. Pibot estatubatuarra udan fitxatu bazuten ere taldeko izarra izan zedin, joan zen astean iritsi zen Gernikara, eta larunbatean jokatu zuen bere lehen partida Araskiren aurkako derbian. Bertan, 17 puntu eta 14 errebote erdietsi zituen.
Mario Lopez entrenatzaileak ezin izango ditu lesionatuta dauden Amaya Gastaminza, Yaiza Lázaro eta Vicky Llorente jokalariak erabili.