Itxi

Saskibaloia

1. JARDUNALDIA

Lointek Gernika, Eurokopako multzoen faseari ekiteko prest

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bizkaitarrek UniGironaren kantxa bisitatuko dute txapelketako lehen jardunaldian.

  • Itziar Ariztimuño. Argazkia: Gernika Saski

    Itziar Ariztimuño. Argazkia: Gernika Saski

Aurtengo Eurokopako multzoen fasea asteazken honetan hasiko da Lointek Gernika talde bizkaitarrarentzat, atariko kanporaketan Namur talde belgikarra aise kanporatu ostean, joaneko zein bueltako partidak irabazi baitzituzten gernikarrek (92-50 eta 53-74).

Mario Lopezek entrenatzen dituen neskak F multzoan daude kokatuta, eta UniGirona aurkari ezaguna izango dute aurrez aurre txapelketako lehen jardunaldian.

Gernikarrek joan zen denboraldian lehiaketa berean lortu zuten emaitza hobetzeko asmoz bidaiatuko dute Katalunia aldera; izan ere, ez ziren multzoen fasea gainditzeko gai izan, eta, horrez gain, galdu egin zituzten euren multzo berean zegoen Gironaren aurka jokatutako bi neurketak (57-81 eta 81-68).

Talde biek ezin hobeto ekin diote Dia Ligari, hiru jardunaldi lehiatu ondoren, beste horrenbeste garaipen pilatu baitituzte biek ala biek, beste hiru taldek bezala, eta sailkapenaren buru daude. Hiru garaipen dituzten beste hiru talde horien artean daude IDK Gipuzkoa eta RPK Araski euskal ordezkariak, baita Perfumerias Avenida ere.

Partida 19:00etan hasiko da Pavello Fontajau kantxan, eta ETB4n ikusi ahalko da, baita streaming bidez eitb.eus webgunean ere. Aipatu norgehiagokaz gain, ETBk Lointek etxean, Malosten, jokatuko dituen gainerako partidak ere emango ditu.

F multzoko beste bi taldeak, CMB Cargo Uni Györ (Hungaria) eta Clube União Sportiva (Portugal) elkarren aurka lehiatuko dira jardunaldi honetan.