Itxi

Saskibaloia

Final-laurdenak

ACB Kopa: Valladolid-Power Electronics (60-83), laranjak finalerdietan

Erredakzioa

Valentziarrek jipoia eman diote Porfi Fisacen taldeari, defentsan bikain aritu eta gero. Claver izan da partidako jokalari onena 19 punturekin eta 32ko balorazioarekin.

Power Electronics Valentziak finalerdietarako txartela lortu du Blancos de Rueda jipoituz (60-83). Valentziarrek sendo jokatu dute defentsan eta erasoan Claverrek ondo gidatu du taldea 19 punturekin eta 32ko balorazioarekin.

Lehen laurdenean bi taldeek erakustaldia eman dute saskiraketa onak lortuz eta defentsan ondo aritu dira Pucelakoak eta Valentziakoak. Claverrek eta Baezek euren taldeak erasoan gidatu dituzte eta partida bizia jarri da zaleentzat. Bigarren laurdenera norgehiagoka parekatu joan da 16-19ko markagailuaz.

Bigarren laurdenean Power Electronicsek asko sakatu du erasoan eta Jatvokasek eta De Colok saskiraketa garrantzitsuak lortu dituzte (25-31). Porfi Fisacen mutilak erantzuna ematen saiatu dira, baina Taronjen defentsa bikain aritu da hutsuneak eztaliz. Atsedenaldia baino lehen laranjek abantaila handitu egin dute markagailuan, hirugarren laurdenera eroso joateko (30-44).

Hirugarren laurdenean Power Electronicesk erakustaldia eman du defentsa sendo batekin eta Blancos de Ruedak saskiraketa gutxi lortu ditu. Pesicen taldeak 0-10eko partziala sartu die Pucelakoei eta partida maldan gora jarri zaio talde moreari. Hirugarren laurdenaren bukaeran valentziarrak 44-62 nagusi izan dira.

Azken laurdenean laranjek sendo jarraitu dute erasoan eta Valladolidek ezin izan du markagailuko aldea gutxitu. Claverrek ezin hobeto gidatu du taldea erasoan eta Power Elestronicsek garaipena lortu (60-83). Horrela, talde Taronja da finalerdietarako sailkatu den lehen taldea.