Itxi

Saskibaloia

Irailaren 12an eta 13an

Emakumeen Endesa Superkopa Bilbao Arenan jokatuko da

eitb.eus

Emakumeen saskibaloia lehiaketara itzuliko da Superkoparekin. Perfumerias Avenida, Spar Girona, Valentzia BC eta Lointek Gernika izango dira parte-hartzaileak.

  • Bilbao Arena

    Bilbao Arena

Emakumeen Endesa Superkopa irailaren 12an eta 13an jokatuko da Bilbao Arena pabiloi ikusgarrian, Endesa ELko lau talde onenekin: Perfumerias Avenida, Spar Girona, Valentzia BC eta Lointek Gernika.

ESFko saskibaloia kantxetara itzuliko da, halaxe baitago markatuta egutegian eta lehenengo hitzordua ezin erakargarriagoa da. Emakumeen Endesa Ligako Superkopak (2020/21) formatu berria dakarkigu: lau talde, bi lehiaketa egun, eta Bilbao Arena pabiloi entzutetsuan.

Parte hartzaileak Perfumerias Avenida (Erreginaren Kopako txapelduna), Spar Girona, Valentzia BC eta Lointek Gernika Bizkaia (iazko denboraldiko 2., 3. eta 4. sailkatuak) izango dira. Denboraldiko lehenengo titulua egongo da jokoan, finalaurrekoetan eta finaletan jokatuko dena.

Spar Gironak aurreko denboraldian Kataluniako hirian lortutako titulua defendatuko du, eta Perfumerias Avenida jaun eta jabe da Superkopan, zortzi titulurekin. Valentzia BC eta Lointek Gernika Bizkaia taldeek lehen aldiz parte hartuko dute txapelketan.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak nabarmendu duenez, Bilbao Arenan maila goreneko kirol-lehiaketa hau egitea "aukera paregabea da hiriko jarduera ekonomikorako, turismoaren eta ostalaritzaren sektoreentzat, besteak beste”. Alkatea pozik agertu da "Bilbo Superkoparen egoitza izateko aukeratu dutelako; horrek erakusten baitu uri erakargarria izaten jarraitzen duela, ekitaldi handiak antolatzeko beharrezkoak diren zerbitzu guztiak dituena eta horretarako prestatuta dagoena".