Itxi

Saskibaloia

Urrezko LEB Mailarako igoera

Zornotzari maldan gora jarri zaio igotzeko helburua, Barça Bren aurka galdu ostean

A. B. E. | EITB Media

Talde bizkaitarrak 63-75eko emaitzarekin galdu du Barça Bren aurka jokatu duen Urrezko LEB Mailara igotzeko kanporaketako joaneko partida. Itzulikoan 12 puntu baino gehiagogatik irabazi beharra du.

  • Zornotza ST - Bartzelona B

    Zornotza ST - Bartzelona B partidako irudia. Argazkia: @zornotzast

Zornotza ST taldeak 63-75eko emaitzarekin galdu du Bartzelona Bren aurka jokatu duen Zilarrezko LEB Mailako igoera play-offetako finalerdietako joaneko neurketa. Kanporaketa hau irabazten duen taldeak Urrezko LEB Mailara igotzea lortuko du. Mailaz igotzeko, Zornotzak 12 puntu baino gehiagogatik irabazi beharko du itzuliko neurketa (maiatzaren 29an, 19:15ean) Sant Joan Despin.

Lehen bi laurdenak oso parekatuak izan dira. Bartzelonak puntu bateko abantaila eskuratu du hasierako hamar minutuetan (18-19), eta norgehiagoka berdinduta (39-39) iritsi da atsedenaldira.

Azken bi laurdenetan fisikoki nagusi izan da Kataluniako taldea. Gainera, Zornotzak 7 hiruko bakarrik sartu ditu, 26 hiruko jaurtiketa egin dituen arren. Atsedenaldiaren ostean hiruko bakarra sartu du Bizkaiko taldeak. Hirugarren laurdenean zortzi puntuko errenta eskuratu du Barçak (47-55). Azken laurdenean, Zornotzak amaierara arte borrokatu du porrota ahalik txikiena izateko, eta 12 puntugatik galdu du (63-75).