Itxi

Saskibaloia

REAL MADRILEKO ENTRENATZAILEA

Pablo Laso ospitalean da, bihotzekoak jota

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Real Madrileko entrenatzaile gasteiztarrak "miokardioko infartua" izan du, talde zuriak argitaratutako oharraren arabera.

  • Pablo Laso, Real Madril zuzentzen, Baskoniaren aurkako kanporaketan

    Pablo Laso, Real Madril zuzentzen, Baskoniaren aurkako kanporaketan. Argazkia: EFE

Pablo Laso, saskibaloiko Real Madrileko entrenatzaile gasteiztarra, Sanitas la Moraleja ospitalean dago "miokardioko infartua" jasan ostean, klub zuriak igande eguerdian jakitera eman duenez.

Astelehen honetarako agerraldi telematikoa zegoen aurreikusita teknikariarekin, datorren asteartean Gasteizen jokatuko den Baskoniaren aurkako Endesa Ligako play-offetako hirugarren partidaren atariko gisa.

Zenbait informazioren arabera, Gasteizko entrenatzailea (54 urte) egonkor dago medikuek egiten dizkioten proben emaitzen zain, bihotzekoaren arrazoiak eta larritasuna ezagutzeko.

Printzipioz, Lasok ez zuen bihotzeko arazoen aurrekaririk, eta denboraldi honetan partida batzuk baino ez zituen galdu abenduan, covid-19a hartu zuenean. Duela 8 urte, 2014ko ekainean, gurpil-aulkian eserita zuzendu zituen hainbat partida, Akilesen tendoian izandako lesio baten ondorioz

Larunbat honetan, Lasok normaltasunez zuzendu zuen bere taldeak Baskoniaren aurka jokatzen ari den Endesa Ligako finalerdietako bigarren partida (2-0ekoa Real Madrilentzat), eta, ondoren, prentsa aretoan agertu zen eta handik bere etxera joan zen. Goizaldean sentitu zituen sintomak, eta ospitalera eraman zuten.

Itxura guztien arabera, Chus Mateo bere lehen laguntzaileak hartuko du taldearen ardura finalerdietako kanporaketako hirugarren partidan, datorren asteartean, Gasteizen, Baskoniaren aurka.