Itxi

Saskibaloia

NBA

Garnettek eta Piercek finaletik garaipen bakarrera jarri dute Celtics

Erredakzioa

Etxetik kanpo lortutako garaipena (90-94) Celtics taldeak jarraian lortzen duen hirugarrena da, kanporaketa 0-2 galtzen hasi eta gero.

  • Kevin Garnett eta Lebron James partidan. Argazkia: EFE

    Kevin Garnett eta Lebron James partidan. Argazkia: EFE

Kevin Garnett hegal-pibot beteranoa izan da Celticsen jokalari erabakigarria taldearen azken garaipenean. Garnettek 26 puntu sartu dizkio Miami Heat taldeari. Boston Celticsek 90-94 hartu du mendean Miamiko taldea Ekialdeko Konferentziako finalaren bosgarren neurketan.

Etxetik kanpo lortutako garaipena Celtics taldeak kanporaketa 0-2 galtzen hasi eta gero jarraian lortu duen hirugarrena da. Bost urteren buruan hirugarren aldiz NBAko finalerako txartela lor dezake Celticsek, eta Bostoneko TD Banknorth Garden kantxan jokatu beharreko seigarren partidan izango du horretarako lehen aukera.

Arauzko denbora amaitzeko zortzi segundo falta zirenean Garnettek bi jaurtiketa libre saskiratu eta garaipena ziurtatu du.

Garnettekin batera 'Big Three'-ko beste taldekide bat goraipatu beharra dago: Paul Pierce. Piercek ez du saskiratze arloan asmatu norgehiagoka osoan zehar, baina amaierarako 52 segundo falta zirela hiruko erabakigarria saskiratu eta Celtics 86-90 aurretik jarri du. Heatek ezin izan du markagailua irauli.