Saskibaloia
FITXAKETA
Claudia Cuicek IDK Euskotrenen jokatuko du
EITB MEDIA
Ibaetako klubak Kadri Lass eta Ivana Raca jokalarien bajen ostean aurreikusten dituen bi fitxaketetako lehena iragarri du.
-
Claudia Cuic. Argazkia: @ibaetabasket
Claudia Cuic izango da IDK Euskotrenen fitxaketa berria. Errumaniako jokalaria urtarrileko lehen astean batuko da Ibaetako taldera. Cuic, nazioartekoa bere herrialdeagatik, ibilbide zabala duen jokalaria da.
1,82ko altuerako hegaleko jokalariak Cluj Napoca talde errumaniarrean hasi zuen bere ibilbidea, eta talde horretako kide izan zen 2008ko denboraldira arte. Hurrengo urtean Termo Carispe La Spezia italiarrean aritu ondoren, Errumaniara itzuli zen, gero, Espainiako ligan (Olesa Español, Toyota Recreativo de Huelva, Gernika Bizkaia -bi urte-), Polonian eta Turkian jokatuz.
2021-2022 denboraldian Turkiako Bursa taldean aritu zen, zeinak Eurocup Women ligaxka jokatu zuen. 18 partida jokatu zituen, batez beste 19,1 puntu, 6,8 errebote eta 4 asistentzia eginez partidako.
Cuicen fitxaketa Donostiako taldeak Kadri Lass eta Ivana Racaren kontratuak eten ostean iragarritako bietatik lehenengoa da.
Azu Muguruzak zuzentzen duen taldeak, dagoeneko Europako txapelketatik kanpo, 69-61 irabazi zuen Lointek Gernikaren aurkako derbya.