Itxi

Saskibaloia

Albacete mendean hartuta

Bidaideak, Kopako txapeldun

A. B. E. | EITB Media

Bidaideak Bilbao BSR taldeak gurpildun aulkiko saskibaloiko Kopako finala irabazi dio Amiab Albaceteri 72-80ko emaitzarekin, eta titulua bereganatu du.

0:27
Bidaideak, Kopako txapeldun

Bidaideak Bilbao BSR taldeak gurpildun aulkiko saskibaloiko Kopa irabazi du igande honetan, apirilaren 23an, finalean Amiab Albacete mendean hartuta 72-80ko emaitzarekin. Ondorioz, Bilboko taldeak iaz lortutako titulua berretsi du.

Estreinako laurdena parekatua izan da. Lehiako lehen sei minutuak pasata Bidaideakek sei puntuko abantaila lortu du (11-17), baina Albacetek hobeto jokatu ditu azken minutuak, eta berdinduta amaitu da lehen laurdena (19-19).

Bigarren laurdenari ondo ekin dio Bidaideakek, markagailuan lau puntuko zuloa irekita (19-23). Hala ere, azkar erantzun du Albacetek eta aurrea hartu du (24-23). Momentu txarra izan du Bilboko taldeak, baina suspertu egin da, eta berriz abantaila hartu du (24-30); hala, Bidaideak bost puntuko abantailarekin heldu da laurdenaren erdialdera (25-30). Pixkanaka-pixkanaka, Bizkaiko taldearen nagusitasuna gero eta nabarmenagoa izan da, eta aldeko 27-39ko emaitzarekin joan da atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ostean, nagusi izaten jarraitu du Bidaideakek. Bilboko taldea 13 puntuko errenta izatera iritsi da (36-49), baina erlaxatu egin da hirugarren laurdeneko azken txanpan, eta Albacetek baliatu egin du oparia desabantaila murrizteko. Gaztela Mantxako taldea bost puntura hurbildu da (50-55) hirugarren laurdena bukatzeko minutu bakarra falta zenean. Gainera, Albacetek beste bi saskiratze sartu ditu azken minutuan, eta Bidaideak puntu bakarreko errentarekin heldu da azken laurdenera (54-55).

Bikain ekin dio azken laurdenari Bidaideakek. Asmatu egin du erasoan Yanezek zuzendutako taldeak, eta zortzi puntuko zuloa irekitzea lortu du (58-66). Ondoren, sei puntura murriztu du desabantaila Albacetek (60-66). Geroago, berriz bederatzi puntuko aldea eskuratu du Bidaideakek (62-71), eta aurkaria bost puntura hurbildu den arren (66-71), momentu txarrak ondo kudeatu ditu talde bizkaitarrak. Bederatzi puntuko abantailarekin ekin dio azken minutu t'erdiari Bidaideakek, eta, azkenean, garaipena bereganatu du 72-80ko emaitzarekin.