Itxi

Saskibaloia

IDK Euskotren

Coulibalyk, Adamsek, Sorianok eta beste bost jokalarik ez dute jarraituko IDK Euskotrenen

EITB MEDIA

Dembele, Cardaño, Natalia Rodriguez, Cuic eta Estebas dira Donostiako taldeak baieztatu dituen beste bost bajak.

  • Mariam Coulibalyk ez du IDK Euskotrenen jarraituko. Argazkia: @ibaetabasket.

    Mariam Coulibalyk ez du IDK Euskotrenen jarraituko. Argazkia: @ibaetabasket.

Mariam Coulibaly, Joy Adams, Cristina Soriano, Alima Dembele, Nicole Cardaño, Natalia Rodriguez, Claudia Cuic eta Paula Estebas jokalariek ez dute IDK Euskotrenen jarraituko, Donostiako klubak asteazkenean jakitera eman duenez. Coulibalyk hiru denboraldi eman ditu Gipuzkoako taldean, Adams eta Soriano bina denboralditan izan dira IDK Euskotreneko jokalariak, eta beste bostak, alegia, Dembele, Cardaño, Natalia Rodriguez, Cuic eta Estebas, bukatu berri den denboraldian aritu dira IDK Euskotrenen.

Testuinguru honetan, klubak nabarmendu du Coulibalyren ekarpena "bikaina" izan dela, eta gogora ekarri du nola 2021-22 denboraldiko jokalaririk onenarentzako sarirako izendatutako hiru jokalarietako bat izan zen: "Haren umiltasunak eta lan etikak oroitzapen ahaztezina utzi dute. Ezinezkoa izan da laugarren denboraldirako berritzea, baina espero dugu gure bideek berriro bat egitea", zehaztu du IDK Euskotrenek.

Joy Adamsek, klubaren iritziz, "konpromiso handia erakutsi du kantxan: defentsan, errebotean, asistentziak eginez, eta kalitatea eta puntuak emanez. Eurocupen parte hartu du, eta klubaren historiarako oroitzapen ederrak utzi dizkigu horrek. Cristina Soriano "hazi egin da, jokalari gisa", IDK Euskotrenen arabera.

Alima Dembele 2022ko azaroan iritsi zen taldera, Nicole Cardaño eta Natalia Rodriguez azken denboraldian aritu dira IDK Euskotrenen, eta Claudia Cuic eta Paula Estebas azken neguko merkatuan fitxatu zituzten; bost jokalari horiek ere utziko dute Donostiako taldea.