Itxi

Saskibaloia

Eurocup-1

Bidaideakek azken laurdenean galdu du Eurocup-1 txapelketako finala Fenerbahçeren aurka (78-75)

EITB Media

Lehendabiziko hiru laurdenak irabazita, Bidaideakek bideratuta izan du finala, baina Fenerbahçek markagailua irauli du partidako azken bost minutuetan, eta Turkiako taldeak bereganatu du Eurocup-1 txapelketako titulua.

  • Bidaideak Bilbao BSR taldeak galdu egin du Eurocup-1 txapelketako finala Fenerbahçeren aurka.

    Bidaideak Bilbao BSR taldeak galdu egin du Eurocup-1 txapelketako finala Fenerbahçeren aurka.

Bidaideak Bilbao BSR taldeak galdu egin du Fenerbahçeren aurka Italiako Giulianova hirian jokatu duen Eurocup-1 txapelketako finala. Bilboko taldea gailendu da lehen hiru laurdenetan, baina norgehiagoka oso parekatua izan da, eta Turkiako taldeak markagailuari buelta eman dio azken bost minutuetan. Horrenbestez, Bidaideak titulurik gabe geratu da.

Bi taldeak oso ondo atera dira kantxara, eta finala hasieratik izan da emozio handikoa. Alde txikiarekin bada ere, Bidaideak Fenerbahçeren atzetik joan da une oro, baina lehen laurdena aurretik amaitzea lortu du (20-21), Giulio Maria Papik azken minutuan gauzatu duen jaurtiketa libre bati esker.

Bigarren laurdenean, Turkiako taldeak hutsegite asko egin ditu, eta Bilbokoak ondo baliatu du aukera hori. Asier Garcia kapitainak hainbat baloi berreskuratu ditu, eta Patrick Andersonek ez du barkatu jaurtiketetan. Horrela, bost puntuko abantailarekin iritsi da Bidaideak atsedenaldira (37-42).

Aldagelatik bueltan, gidoi bera errepikatu dute bi taldeek. Fenerbahçek aurrerapausoa eman du, baina oker asko egin ditu eta hainbat jaurtiketa libre ez ditu gauzatu. Bilboko taldeak ere egin ditu akatsak, baina jaurtiketak ondo amaitu ditu, eta bost puntuko aldeari eutsi dio hirugarren laurdenaren amaieran (53-58).  

Partida, baina, erabat aldatu azken bost minutuetan. Turkiako taldea hobeto ibili da, eta aurretik jarri da markagailuan (73-71). Asier Garciak eskura izan du partida berdintzeko aukera, 74-74koa jarrita, baina huts egin du jaurtiketa librea. Jokaldi erabakigarria izan da; izan ere, une horretatik aurrera, Fenerbahçek abantaila hartu du berriro, eta Bidaideakek ez du denborarik izan ezer gehiago egiteko. Horrenbestez, Bilboko taldeak 78-75 galdu du Eurocup-1 txapelketako finala.