Itxi

Saskibaloia

Berritzea

Itziar Ariztimuñok Lointek Gernikarekin kontratua berritu du beste denboraldi baterako

EITB MEDIA

Erabaki horrekin, jokalari bilbotarrak bederatzigarren denboraldia beteko du Gernikako taldean, klubeko erreferenteetako bat izaten jarraitzeko.

  • Itziar Ariztimuño, Lointek Gernikako jokalaria

    Itziar Ariztimuño, Lointek Gernikako jokalaria. Irudia: Lointek Gernika

Itziar Ariztimuñok berritu egin du Lointek Gernika Bizkaiarekin duen kontratua 2024/25 denboraldirako, astearte honetan taldeak baieztatu duenaren arabera. Horrenbestez, baseak bederatzigarren denboraldia beteko du Emakumeen Endesa Ligan kamiseta granatea defendatzen. 4,6 puntu sartzeaz gain, 2,7 errebote hartu eta 2,3 asistentzia egin ditu bilbotarrak sasoi honetan.

Ariztimuñok klubeko erreferenteetako bat izaten segiko du, kantxa barruan zein kanpoan erakutsitako gidaritza-gaitasunagatik. Etengabe hobetzen joan da uztaiari begira, baita urruneko jaurtiketetan ere, baina aurrera pausoa ematea espero du. Itziar Ariztimuño talde gernikarraren lehen pieza da.

Protagonista "oso pozik" agertu da taldean jarraitu ahal izateagatik: "Gernika eta Maloste nire etxea dira, eta ilusioz beteta nago datorren denboraldirako proiektu berriarekin. Pieza garrantzitsua izan nahi dut, pistan eta hortik at".