Itxi

Surf-a

Mundaka (Bizkaia)

Laidako hondartzaren obrak gelditzea eskatu dute surflariek

Agentziak | Erredazioa

Hasierako egitasmoa aldatu izana deitoratu du Mundaka Surf Taldeak; izan ere, lehen planak itsasadarretik gertu dagoen meandrotik hondarra ateratzea ez zuen aurreikusten.

02:45

Laidako hondartza hobetzeko proiektua gelditzeko eskatu du gaur Mundaka Surf Taldeak. Lanek herriko olatu ospetsuari kalte egingo ez diotela egiaztatzen duen azterketarik egin ez dutela ohartarazi dute surflariek.

Hondartzaren sarbideak, hormak eta harri-lubetak hobetu behar dituztela ulertzen dutela azaldu du taldeak agiri batean. Erabiltzaileen segurtasuna hobetu eta erreka bideratu behar dela onartu dute surflariek, “zonaldearen garapenari mesede egiten diolako eta hondartza baldintza onetan mantentzen dutelako”.

Hala ere, hasierako egitasmoa aldatu izana deitoratu du Mundaka Surf Taldeak; izan ere, lehen planak itsasadarretik gertu dagoen meandrotik hondarra ateratzea ez zuen aurreikusten.

Obrak astelehenean hasi ziren. Hondarra itsasertzetik 20 metrora ateratzen hasi ziren, nahiz eta hasiera batean 100 metroko distantzia bat adostu eragile guztien artean.

Aztik, Urdaibaiko Patronatuak, Kosta Mugapek eta Mundaka Surf Taldeak muga hori ezarri zuten. Hala ere, ondoren distantzia 50 metrora murriztu zuten.

Ingurumena

Proiektuak “ekintza esperimental bat” aurrera eramango du eta ingurumenean izango duen eragina ez dute zehaztu dagokion azterketaren bidez, surflariek erantsi dutenez.

Azkenik, plana “azkarregi” egin dutelako kezka agertu dute surflariek; izan ere, lanak maiatzaren 15ean hasi behar zirela iragarri zuen Urdaibaiko Patronatuak.