Itxi

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

Euskal Herriko Itzulia 2024

Aprilaren 1etik 6ra

2024ko Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidea aurkeztu dute; lasterketako zati bat Ipar Euskal Herrian izango da

EITB MEDIA

Itzulia apirilaren 1ean hasi eta hilaren 6an amaituko da, Irunen izango du aurreneko etapa, erlojupeko bat, eta, ohi bezala, Eibarren bukatuko da. Bigarren etapa, Irun-Kanbo, Lapurdin eta Nafarroa Beherean jokatuko dute ia osorik, eta hirugarren etapa Ezpeletan abiatuko da.

1:29
2023ko Itzuliko podiuma

Euskal Herriko Itzulia historian 63. aldiz jokatuko dute aurten, 2024an, eta ostiralean, Irunen, antolatzaileek lasterketaren ibilbide osoa aurkeztu dute. Probak sei etapa izango ditu, apirilaren 1ean hasi eta hilaren 6an amaituko da, Irunen izango du aurreneko etapa, 10 kilometroko erlojupeko bat, eta, ohikoa denez, Eibarren bukatuko da. Bigarren etapa, Irun-Kanbo, Lapurdin eta Nafarroa Beherean jokatuko dute ia osorik, Ipar Euskal Herrian, eta hirugarren etapa Ezpeletan abiatuko da. Guztira, txirrindulari parte-hartzaileek 19 mendate puntuagarri igo beharko dituzte, eta irabazleak gainerako aurkari guztiek baino arinago bete beharko ditu ekitaldian izango diren 823,1 kilometroak.

Hala, 2024ko Itzulia apirilaren 1ean hasiko da, astelehenez, Irunen, 10 kilometroko banakako erlojupeko batekin; txirrindulariek 3. mailako mendate bat igoko dute, Olaberria. Bigarren etapa Irun-Kanbo izango da, apirilaren 2an jokatuko dute, eta 160 kilometro izango ditu; ibilbidean, mendiko sailkapenerako puntuagarria den beste igoera bat dago, 3. mailako Saint-Ignace, jardunaldiko aurreneko zatian, eta, gerora, tropela Ainhoan, Ezpeletan, Irisarrin, Hazparnen, Hiriburun, Uztaritzen eta Senperen izango da, bai eta Kanbon ere.

Hirugarren etapan mendate gehiago izango dira. Apirilaren 3an jokatuko dute, Ezpeletan ekingo diote lehiari eta Altsasun bukatuko da, 190,9 kilometro eginda. Txirrindulariek sei mendate puntuagarri igoko dituzte: 2. mailako Otsondo, Usategieta eta Lizarrusti, eta 3. mailako Uitzi, Zuarrarrate eta Olaberria. Nafarroan izango da Itzulia egun honetako kilometro gehienetan, ondorengo lekuetan: Donezteben, Leitzan, Lekunberrin, Etxarri Aranatzen eta Otsaurten. Hori bai, Gipuzkoa ere bisitatuko du probak, esaterako Zegaman izango baita.

Apirilaren 4rako, laugarren etaparako, Euskal Herriko Itzuliak prestatu duen ibilbidea Etxarri Aranatzen hasi eta Legution bukatuko da; 157,5 kilometro izango dira. Etapa berehala sartuko da Araban, Zalduondon eta Agurainen, 2. mailako Opakuari aurre egin aurretik. Azazetan, Elorriagan eta Uribarri Ganboan izango dira gerora txirrindulariak. Lasterketako azken 40 kilometroetan, parte-hartzaileek, Legutiora ailegatu baino lehen, 3. mailako beste hiru mendate igoko dituzte: Olaeta, Untzilla eta Leintz Gatzaga.

Arabak, hasierako tartean, eta Bizkaiak ikusiko dute Itzuliaren bosgarren etapa, apirilaren 5an. Tropela Gasteiztik abiatuko da, eta, 175,9 kilometroren buruan, Zornotzan amaituko du lana. Gopegin, Barazarren eta Lemoan ibiliko da lasterketa hasierako kilometroetan, Urkiola igotzen hasi aurretik; mendate hori aurtengo ekitaldiko 1. mailako lehenengoa izango da. Otxandio eta Dima zeharkatuko dituzte ziklistek, eta, Zornotza lehenengo aldiz igarota, 3. mailako Muniketa birritan igo beharko dute; bigarren igoera egingo dutenean, helmugarako 12 kilometro geldituko dira.

Apirilaren 6an geldituko da dena zehaztuta, seigarren eta azken etapan; ikusita zein gogorra den, pentsatzeko modukoa da guztiz erabakigarria izango dela. Eibarren hasi eta amaituko da, 137,8 kilometro izango ditu, eta zazpi mendate puntuagarri ditu ibilbidean: 1. mailako Azurki, Krabelin eta Izua, 2. mailako Gorla eta 3. mailako Trabakua eta Urkaregi, azken hori helmugatik 12 kilometrora. Seigarren etapa honen profila ikusita, esan daiteke aukera polita dagoela lasterketako indartsuenen arteko lehia estua ikusteko moduan izango garela; Eibarren 2024ko Itzuliaren azken maillot horia jantzi nahi duten txirrindularientzako eguna izango delakoan gaude.

2024ko Euskal Herriko Itzuliaren etapetako profilak

1. etapa: Irun-Irun, 10 kilometro (apirilak 1, astelehena da)

2024ko Euskal Herriko 1. etapako etaparen profila. Argazkia: itzulia.eus.

2024ko Euskal Herriko 1. etapako etaparen profila. Argazkia: itzulia.eus.

2. etapa: Irun-Kanbo, 160 kilometro (apirilak 2, asteartea da)

2024ko Euskal Herriko 2. etapako etaparen profila. Argazkia: itzulia.eus.

2024ko Euskal Herriko 2. etapako etaparen profila. Argazkia: itzulia.eus.

3. etapa: Ezpeleta-Altsasu, 190,9 kilometro (apirilak 3, asteazkena da)

2024ko Euskal Herriko 3. etapako etaparen profila. Argazkia: itzulia.eus.

2024ko Euskal Herriko 3. etapako etaparen profila. Argazkia: itzulia.eus.

4. etapa: Etxarri Aranatz-Legutio, 157,5 kilometro (apirilak 4, osteguna da)

2024ko Euskal Herriko 4. etapako etaparen profila. Argazkia: itzulia.eus.

2024ko Euskal Herriko 4. etapako etaparen profila. Argazkia: itzulia.eus.

5. etapa: Gasteiz-Zornotza, 175,9 kilometro (apirilak 5, ostirala da)

2024ko Euskal Herriko 5. etapako etaparen profila. Argazkia: itzulia.eus.

2024ko Euskal Herriko 5. etapako etaparen profila. Argazkia: itzulia.eus.

6. etapa: Eibar-Eibar, 137,8 kilometro (apirilak 6, larunbata da)

2024ko Euskal Herriko 6. etapako etaparen profila. Argazkia: itzulia.eus.

2024ko Euskal Herriko 6. etapako etaparen profila. Argazkia: itzulia.eus.