Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa 2024

5. etapa

Ackermann alemaniarra, bigarrenez garaile

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Borako txirrindularia Gaviria kolonbiarraren eta Demare frantziarraren aurretik sartu da helmugan. z da aldaketarik izan sailkapenean euskal txirrindularientzat.

9:16
Pascal Ackermann.

Pascal Ackermann (Bora) alemaniarrak bere bigarren garaipena lortu du aurtengo Italiako Giroan, bosgarren etapa bereganatu ostean. Txirrindulariek 140 kilometroko ibilbidea bete dute Frascati eta Terracina artean, oso eguraldi txarrari kontra zutela. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan, eta Primoz Roglic (Jumbo Visma) esloveniarrak lider jarraitzen du.

Etapa hasi eta berehala, Tom Dumoulin (Sunweb) herbeheretarrak lasterketa utzi behar izan du, laugarren etapako erorikoan ondorioz belaunean izan zuen zauriarengatik.

Txirrindulariek euria izan dute bidelagun egun osoan zehar. Dena dela, zegoen giro petrala aintzat hartu gabe, bost kidez osatutako taldetxo batek ihes egitea erabaki du. Etapak aurrera egin ahala, iheskideen taldetxoa murrizten joan da, eta, azkenerako, Louis Vervaeke (Sunweb) besterik ez da geratu aitzineratuta. Haatik, helmugara heltzeko 23 kilometrora harrapatu du txirrindulari belgikarra tropelak.

Hortik aurrera, talde nagusiak bat eginda jarraitu du helmugako azken zuzengunera iritsi arte. Azken esprintean, Fernando Gaviria (UAE) kolonbiarrak jo du lehen erasoa, baina haren gurpilari iltzatuta Ackermann zegoen, eta alemaniarrak Gaviriak baino indartsuago amaitu du etapa bereganatuz.

Sailkapenari begira, Roglicek lehen postuan segitzen du. Simon Yates (Mitchelton) britainiarra dago bigarren lekuan, 35 segundora. Bi horien atzetik Vicenzo Nibali (Bahrain) italiarra ageri da, 39ra.

Ostegun honetan, lasterketak beste etapa luze bat prestatu du parte-hartzaileentzat (233 kilometro), Cassino eta San Giovanni Rotondo lotuko dituena.