Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa 2024

17. etapa

Petersek irabazi du etapa eta Carapaz eta Landak segundo batzuk lapurtu dituzte

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Arabarrak azken kilometroetan jo du erasoa, eta 19 segundo atera dizkie helmugan Roglici eta Nibaliri.

16:29
Nans Peters

Nans Peters frantziarrak (Ag2r) sona handiko garaipenarekin estreinatu du bere palmaresa, Commezzadura eta Anterselva batu dituen Italiako Giroko 17. etapa bereganatu baitu (181 kilometro).

Bera izan da ausartena eguneko ihesaldian sartu diren 18 kideen artetik. Grenobleko txirrindulariak helmugarako 16 kilometroren faltan egin du alde gainerako iheskideengandik, eta hura harrapatzen saiatu diren arren, ezinezkoa izan zaie.

Helmugan bigarrena Esteban Chaves (Mitchelton Scott) kolonbiarra izan da, irabazlearengandik 1:34ra, eta haren atzetik sartu dira ihes eginda ibili diren beste guztiak.

Faboritoei dagokionez, Anterselva mendateko (5,5 kilometro eta % 6,9ko batez besteko pendiza) azken aldera bizitu dute lasterketa, Mikel Landak eta Richard Carapazek jotako erasoen bidez. Movistarreko txirrindulariek segundo batzuk atera dizkiete helmugan euren arerio zuzenei.

Landa izan da aurrera jo duen lehena, 3 kilometroren faltan, eta faboritoen arteko inor ez da haren atzetik atera. Txirrindulari arabarrak gero eta gertuago dauka podiuma (Roglicengandik 47 segundora dago), eta mendiko bi etapa interesgarri geratzen dira jokatzeke.

Murgiarrak Nibali eta Roglic atzean uztea lortu du. Hasiera batean, Carapaz ere faboritoen taldetxoan geratu da zain. Alabaina, Landak zuloa zabaltzea lortu duenean, ekuadortarrak ere erritmoa areagotu du, igandeko erlojupekoari begira denbora-tarte handiagoa izateko xedearekin.

Bere ahaleginak saria izan du, helmugan 7 segundoko zulotxoa zabaldu baitu Roglic eta Nibalirekiko. Orain 1:54ra eta 2:16ra aldendu ditu sailkapenean italiarra eta esloveniarra. Mikel Landa, bere aldetik, 3:03ra dago, eta hirugarren tokia begi-bistan dauka.

Ostegun honetan korrituko den 18. etapak nolabaiteko atsedena ekarriko die elastiko arrosaren borrokan murgilduta dauden txirrindulariei. Ibilbide luzea izango dute aurrez aurre Valdaora eta Santa Maria di Sala artean (222 kilometro), baina beheranzko joera izango du, eta mendate bakarra igo beharko dute (laugarren mailakoa).