Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa 2024

Italiako Giroa

Wouter Weylandt hil egin da

Erredakzioa

Leopard-Trek taldeko txirrindulariak eroriko gogorra hartu du Passo del Boccoko jaitsieran eta ospitalean hil egin da.

Txirrindularia helikopteroan Genovako ospitalera eraman dute lasterketako medikuek, baina Weylandtek lesio larriak izan ditu buruan eta medikuek ezin izan dute ezer egin.

Erorikoa Passo del Bocco mendatearen kaitsieran izan da, eta Weylandt lurrean konorterik gabe gelditu da. Lasterletako antolatzaileek esan dutenez, txirrindulariaren egoera "arduratzeko modukoa" izan da, eta heriotza, ospitalean gertatu da minutu gutxira.

Weylandt 16:00ak aldera erori da, tropela ihes egindako txirrindulariak harrapatu nahian zebilenean. Leopard taldeko txirrindulariak eroriko ikusgarria izan du eta istripua larria zela ohartu dira lasterketako antolatzaileak berehala. Errepidea babesten duen hormaren kontra jo du txirrindulariaren buruak eta, ondorioz, Weylandt konorterik gabe geratu da.

Giovanni Tredici medikua bertaratu da eta odol putzu baten erdian txirrindularia konorterik gabe zegoela egiaztatu du. Weylandt errepidean suspertzen saiatu dira.

Txirrindularia suspertzea lortu dute eta helikorperoan Genoako ospitalera eraman dute, baina bertan ezin izan dute ezer egin bizitza salbatzeko.

Ordubete geroago, 17:00ak aldera, Weylandt hil dela baieztatu dute. "Txirrindulariak garezurreko oinarria hautsita zuen eta aurpegian ere hausturak zituen. Ezin izan dugu suspertu", adierazi du Tredici doktoreak.

Belgikako txirrindularia Italiako Giroaren historian laugarren biktima izan da. Weylandten heriotzarekin 47 txirrindulari profesional hil dira errepideko lasterketetan 1934az geroztik.

Erreakzioak

Belgikan zirrara handia eragin du txirrindulariaren heriotzak eta "dolu sakona" izango dela agindu du txirrindularitza munduak. Txirrindularitzaren kirolarentzako "egun zaila" izan dela erantsi dute.

Alberto Contador Saxo Bank-SunGard taldeko txirrindulariaren ahotan, Weylandten heriotza dela-eta gaurko eguna "dolu eguna da txirrindularitzaren familiarentzako".