Txirrindularitza
Protestak Espainiako Vueltan
Vueltako azken etapa bertan behera utzi dute Madrilen, Gazako genozidioa salatzeko protestak direla eta
Agentziak | EITB
Milaka manifestarik errepidea hartu dute Madril erdigunean, eta Poliziak haien kontra egin du. Istiluak izan dira, eta antolatzaileek etapa bertan behera uztea erabaki dute.
-
Istiluak izan dira Madril erdigunean. EFE
Espainiako Vueltako antolatzaileek bertan behera utzi dute azken etapa, Israel Gazan egiten ari den genozidioa eta Israel Premier Tech taldearen parte-hartzea salatzeko protesta jendetsuak izan direlako Madril erdiguneko kale nagusietan, helmugatik hurbil.
Milaka manifestarik errepidea hartu dute, eta Polizia haien kontra oldartu da. Istiluak izan dira, eta antolatzaileek etapa bertan behera uztea erabaki dute.
Aurrez inolako abisurik eman gabe, 17:30 inguruan, antolatzaileek Madril hirigunean sartzeko ibilbidea aldatu egin dute, manifestazioen berri izan ostean. Horrela, tropela ez da Alacobendasetik igaro, eta saihesbidetik joan da.
Madrilen sartuta, eta etapa bukatzeko aurretik 56 kilometro gelditzen zirenean, zenbait manifestari errepidera atera dira, eta txirrindulariak geldiarazi dituzte.
Aldi berean, Madril erdiguneko kale nagusietan, helmuga inguruan, milaka manifestarik lasterketako ibilbidea moztu dute. Polizia oldartu egin zaie, eta istiluak sortu dira hainbat puntutan.
Antolatzaileek Erregearen Jauregiko Lorategiraino bideratu dute tropela, eta han gelditu dute behin betiko lasterketa. Poliziak lagunduta joan dira txirrindulariak autobusetara eta hoteletara.
Antolatzaileek lasterketa gelditu duten unea. EFE
Sari-banaketarik ez
Etapa bertan behera utzita, ohiko sari-banaketarik ere ez da izan. Jonas Vingegaard txirrindulari daniarra ez podiumera igo, baina berak irabazi du, nagusitasunez, Espainiako Vuelta, Joao Almeida eta Tom Pidcocken aurretik.
Mad Pedersenek (Lidl-Trek) bereganatu du txirrindulari erregularrenaren maillot berdea; Jay Vinerentzat (UAE) izan da Mendiko maillota; Matthew Riccitello (Israel-Premier Tech) izan da gazterik onena; eta UAE Emirates gailendu da taldekako sailkapenean.
Joao Almeida, Jonas Vingegaard eta Tom Pidcock, etaparen hasieran. EFE

