Itxi

Txirrindularitza

Bigarren jardunaldia

Fuentes: 'Txirrindulariekin eta beste kirolari batzuekin lan egin dut'

Erredakzioa

"Noizbehinka azterketak egiten nizkien; izan ere, lehiaketa zehatz bat prestatzeko etortzen ziren, prestaketa eta ongi elikatzen ziren egiaztatzeko", azaldu du medikuak.

1:40

Eufemiano Fuentes medikuak Puerto Operazioaren auziko epaiketan deklaratu du Madrilen. "Batez ere txirrindulariekin lan egin dut, baina beste kirolari batzuekin ere', azaldu du Fuentesek epailearen aurrean. Medikua deklaratu duen aurreneko auzipetua izan da.

"Gehienak txirrindulariak ziren, baina beste kiroletako bezeroak nituen ere", adierazi du Kanariar Uharteetako medikuak.

"Noizbehinka azterketak egiten nizkien; izan ere, lehiaketa zehatz bat prestatzeko etortzen ziren, prestaketa eta ongi elikatzen ziren egiaztatzeko", azaldu du Fuentesek. Horretarako, kirolariak Zurbano kaleko kontsulta hematologikora joaten zirela erantsi du medikuak.

Odol laginak

Bestalde, Dopinaren aurkako Munduko Agentziari (AMA) eta beste aldeei 2006an atzemandako odol laginak aztertzea utziko dien ez du erabaki epaileak. Erabakia atzeratu du Santamariak.

Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, eskaera egin zuten aldeei hiru eguneko epea eman die epaileak, ezagutu nahi duten materiala zehazteko eta horrekin zer egin nahi duten azaltzeko.

Eufemiano Fuentes medikuak Puerto Operazioaren auziko epaiketan gaur deklaratu du Madrilen. Astelehenean epaiketa hasi zen, baina saio osoa aurretiazkoak adosteko erabili zuten. Fuentes dopin sareagatik auzipetuetako bost pertsonetatik bat da.

Aurreneko jardunaldia

Manolo Saiz (Liberty) auzipetua epaitegietara heltzen lehena izan zen atzo. Ondoren Eufemiano Fuentes eta Yolanda, haren arreba, heldu ziren. Azkenak Vicente Belda (Kelme) eta Jose Ignacio Labarta (Comunidad Valenciana) izan ziren.

Auzipetuek ez zuten kazetarien aurrean adierazpenik egin nahi izan, ez sartu zirenean epaitegira, ezta atera zirenean ere, 14:30 aldera. Julia Patricia Santamaria epaileak zuzenduta saio luzea ateak itxita egin zuten epaiketaren aurretiazkoak adosteko.

Aurretiazkoak konpontzeko hiru ordu behar izan zituzten eta Eufemiano Fuentesek deklaratzeko astirik ez zen izan. Atsedenaldi baten ostean Labartak eta Saizek deklaratzea espero da, eta bigarren atsedenaldi bat egin eta gero, Beldak eta Yolanda Fuentesek.