Itxi

Txirrindularitza

Agur akordioari

Euskaltelek eta Alonsok bertan behera utzi dituzte negoziazioak

Erredakzioa

Talde laranjak Fernando Alonsoren taldeak ezarritako baldintzak onartu ostean, egin dute atzera Alonsoren aholkulariek.

1:22

EITBk jakin duenez Euskaltel Euskadik eta Fernando Alonsok bertan behera utzi dituzte negoziazioak. Euskaltel Euskadik Fernando Alonsoren taldeak ezarritako baldintzak onartu ostean, Alonsoren aholkulariek atzera egin dute.

Gutxi iraun du pozak. Zeru oskarbia zena erabat ilundu da hiru astean. Euskaltel Euskadik eta Fernando Alonsok abuztuaren 31n sinatu zuten salerosketarako negoziazioak hasteko akordioa.

Negoziazio horiek, baina, apurtu egin dira. Euskaltel Euskadik Alonsoren taldeak ezarritako baldintzei baiezkoa eman ostean, pilotuaren inguruak atzera egitea erabaki du azken unean.

Gaur egungo egoera duela hilabetekoa baino okerragoa dela esan du Astorkizak, eta kontratua duten txirrindularien eta langileen etorkizuna argitu beharko da, batzuek kanpotik jasotako eskaintzei ezetza eman dietelako.

Hilabeteko negoziaketa

Euskaltel Euskadik txirrindularitza utziko zuela jakin zuenean,  eskuratzeko harremanetan jarri zen, proiektuari jarraipena emateko helburuarekin. Bi aldeen arteko negoziaketen ostean, Bat Formulako gidariak Euskaltelekin behin-behineko hitzarmena lortu zuela konfirmatu zuen bere webgunean.

Alonsoren komunikatuak dio talde berriak 2014 eta 2015 denboraldietan Euskaltel Euskadirekin hitzarmena duten txirrindularien akordioak errespetatuko dituela. Helburua jarraipena ematea da, eta, pixkanaka, tropeleko txirrindulari onenak taldera ekartzea. Epe ertainean mundu mailako taldea eratu nahi dute, nazioarteko proiektu indartsuarekin.

Taldeko gainerako langileek (medikua, masajistak, etab.) eta akordioa sinatuta zuten enpresek ez zuten lekua. Horregatik eten da negoziaketa. Alonsok ez ditu kontratu horiek errespetatu nahi, eta bai ordea euskal taldeak.