Txirrindularitza
Clenbuterolarekin positiboa
UCIk Michael Rogersen argudioak onartu, eta zigorra kendu dio
Mikel Dominguez
Tinkoff-Saxo taldeko txirrindulari australiarrak positiboaren jatorria Txinan jan zuen haragian zegoela esan zuen.
-
Michael Rogers Skyren maillotarekin / Wikipedia.
Nazioarteko Txirrindularitza Federazioak Michael Rogersen (Tinkoff-Saxo) argudioak onartu ditu, eta zigorra kendu dio. Australiarra 2013ko abenduan zigortu zuen UCIk, Japonian clenbuterolarekin positiboa eman ostean. Debekatutako sustantzia Txinan kutsatutako haragia jateagatik jaso zuela esan zuen Rogersek.
UCI konbentzitu du txirrindulariak emandako informazioak, eta clenbuterol horren jatorria Txinako haragian egoteko "probabilitatea altua" dela onartu du federazioak. Dopinaren Aurkako Munduko Agentziari galdetuta, txirrindularia ez zigortzea adostu du UCIk.
"Clenbuterola gernuan izatea dopinaren aurkako arauak urratzea" dela gogorarazi du UCIk, baina herrialde batzuetan kutsatutako haragia jateko arriskua dagoela onartu du. Txina eta Mexiko aipatu ditu UCIk, eta han haragirik ez jatea gomendatu die txirrindulariei.
Txirrindularia "pozik" dago albistearekin, eta lehiaketara "lehenbailehen" itzultzea espero du, "maite duen kirolean lan egiten eta lehiatzen jarraitzeko".