Itxi

Txirrindularitza

Tinkoff-Saxo

Oleg Tinkov: 'Contadorrek erraz irabaziko zuen 2014ko Tourra'

Erredakzioa

Tinkoff-Saxoko jabeak, Oleg Tinkov errusiarrak, Frantziako Tourraren eta fitxaketa merkatuaren azterketa egin du.

  • Alberto Contador / EFE.

    Alberto Contador / EFE.

Oleg Tinkovek, Tinkoff-Saxo taldearen jabeak, Alberto Contadorrek "Tourra erraz irabaziko zuela" uste du, baina tibia hautsita erretiratu behar izan zen. Tinkoven arabera, CyclingNewseri emandako elkarrizketan, taldearen "datuei" erreparatuta, Cotadorrek Vincenzo Nibaliri (Astana) irabazten bukatuko zuen lasterketa.

"Nibali txapeldun handia da. Pertsona eta txirrindulari bezala gustatzen zait. 2014ko Frantziako Tourra irabaztea merezi zuen, baina Chris Froome eta Alberto Contador ez egonda... Dauzkagun datuekin, uste dugu Contadorrek italiarrak baino 3 minutu lehenago bukatuko zuela. Noski, birtuala da dena, eta eztabaida hau ez doa inora, baina aise irabaziko zuela uste dugu", esan du Tinkovek.

Taldearen jabeak Peter Saganen fitxaketari eta merkatuko mugimenduei buruz ere hitz egin du: "Nire helburua ez da munduko talderik onena sortzea. Hori erraza da, edozein izan daiteke munduko talderik onena, dirua badauka eta txirrindulariak erosten baditu. Nire helmuga talde berri bat eraikitzea da, modernoa, teknologia berrietan, elikadura programa berrietan eta trebakuntza eta entrenamendu modu berrietan oinarritua".

"Ezer ez da merka ona bada", esan du Peter Saganen salneurriari buruz. "Txirrindulari onenak nire taldean egon daitezen ordaintzeko prest nago", gehitu du.

Nicolas Roche Skyk fitxatzeko aukeraren inguruan, zera esan du: "Arraroa da, gurera Skyko hiruzpalau txirrindulari etorriko direlako. Gu gora goaz eta haiek behera. Beraz, bera banintz, ez nintzateke taldetik joango. Baina bere aukera da. Irlandarra da eta agian erosoago dago talde anglosaxoi batean".