Itxi

Txirrindularitza

Dopina

Contadorren aurkako prozedura bat martxan jartzea eskatu du UCIk

Erredakzioa

Diziplina-prozedura aurrera eramateko ardura Espainiako Federakundeak izango duela azaldu du Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak, eta txirrindularia zigortu ala ez erabakiko du.

Alberto Contador Espainiako txirrindulariaren kontrako diziplina-prozedura bat zabaltzeko eskatu du Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI), dopinaren aurkako kontrol batean ezohiko emaitza emateagatik, UCIk gaur jakinarazi duenez. Contadorrek Frantziako azken Tourra irabazi zuen.

Diziplina-prozedura aurrera eramateko ardura Espainiako Federakundeak izango duela azaldu du UCIk, eta txirrindularia zigortu ala ez erabakiko du. Zigortzen baldin badute Tourreko garaipena galduko luke txirrindulariak, dopinaren aurkako araudiko 288. artikuluaren arabera.

Kontrol horren ezohiko emaitzak irailean argitaratu ziren, nahiz eta kontrola uztailaren 21ean egin. Ustez Contadorrek positibo eman zuen Clembuterol substantziagatik. Elikadurazko intoxikazio bati egotzi zion positiboa txirrindulariak.