Itxi

Txirrindularitza

Abu Dhabiko Tourra (5. etapa)

Valverdek irabazi du azken etapa eta Abu Dhabiko Tourra

Erredakzioa

Alejandro Valverdek (Movistar) garaipena lortu du bosgarren etapan eta lasterketa irabazi du, sailkapen nagusiko lehen postua eskuratuta.

2:17

Alejandro Valverde (Movistar) txirrindulariak irabazi du Abu Dhabiko Tourra, bosgarren eta azken etapan garaipena lortuta. Ondorioz, Valverdek 113. garaipena lortu du bere ibilbide profesionalean.

Txirrindulari murtziarrak Rohan Dennis liderrarengandik 27 segundora ekin dio etapari. Larunbatean erlojupeko bikaina egin zuen Dennis, denbora galtzen hasi da Jabel Hafeeteko igoeraren hasieran eta kilometroak igaro ahala, galtzen joan den denbora handitu egin da. Valverde eta Miguel Angel Lopez erasokor ibili dira, eta lasterketa hautsi dute. Etapa garaipenerako faboritoak ziren Rafal Majka (Bora-Hansgrohe), Wilco Kelderman (Team Sunweb) eta Julian Alaphilippe (Quick-Step Floors) atzean utzi dituzte, eta bien artean erabaki da etapa irabazlea. Alejandro Valverdek erasoa jo du azken 300 metroetan, atzean utzi du Lopez eta garaipena eskuratu du, txirrindulari kolonbiarra gaindituta.

"Oso pozik nago, eta eskerrak eman nahi dizkiot taldeari, lan bikaina egin baitu lasterketa honetan. Gaur, beste behin, oso adi egon gara. Oso egun zaila izan da, euriaren eta haizearen eraginez. Oso pozik nago World Tourreko lasterketa honetan lortutako garaipenarekin", esan du Alejandro Valverdek Abu Dhabiko Tourra irabazi ostean.