Txirrindularitza
Apirilaren 8an
Movistar eta Valverde, faboritoak Udaberri Klasikarako
Erredakzioa
Apirilaren 8an egingo da Amorebieta-Etxanoko lasterketa. 176,1 kilometroko ibilbidea izango du, eta 2013tik igotzen ez den Autzaganeko igoera berreskuratuko du.
-
Alejandro Valverde. Argazkia: EFE
Movistarrek astearte honetan jakinarazi du Alejandro Valverdek Udaberri Klasikan parte hartuko duela. Valverde eta Movistar dira faboritoak Amorebieta-Etxanoko Udaberri Klasikaren 64. edizioa irabazteko.
Nazioarteko UCI Elite 1.1 mailako lasterketa apirilaren 8an egingo da. eta 176,1 kilometroko ibilbidea izango du. Gainera, Autzaganera igoera berreskuratuko du. 2013tik ez zen Autzagane igotzen, 3. mailako mendateko errepidean egiten ari diren obrengatik.
Euskal Herriko Itzulia larunbatean amaituko da, eta igandean egingo da Udaberri Klasika. Montecalvo (2. mailakoa) mendatea bi aldiz igoko dute txirrindulariek, eta Autzagane (3. maila) hiru aldiz pasako dute. Autzagane hirugarrenez igo ostean, 4,5 kilometroko jaitsiera izango dute, eta Amorebietako helmugak itxarongo die Nafarroa kalean.
Iaz Gorka Izagirrek irabazi zuen. Izagirre Movistarren egon zen, azken hiru urteetan Udaberri Klasika irabazi duen taldean, baina orain Bahrain Merida taldean dago. Valverderekin batera, Giovanni Visconti, Jose Herrada, Carlos Barbero, Winner Anacona, Ruben Fernandez eta Jorge Arcas txirrindulariek osatuko dute Movistarren taldea. Ferrari (Caja Rural), Celano (Caja Rural), Simon (Burgos), Salas (Burgos), Loubet (Euskadi Murias) eta Aristi (Euskadi Murias), izango dira aurkari nagusiak Valverderentzat.
Udaberri Klasikan egongo dira Caja Rural, Burgos-BH eta Euskadi Basque Country-Murias, Manzana Postobon kolonbiarra, Rally Cycling estatubatuarra, Euskadi, Polartec Kometa, Dare Gaviota eta Java Partizan serbiarrak, Lokosphinx errusiarra, eta Massi-Kuwait, VIB Sports de Bahrein eta W52/Porto portugaldarrak.