Itxi

Txirrindularitza

Turkiako Tourra (5. etapa)

Hodeg nagusitu da esprintean eta Lutsenkok lidertzari eutsi dio

Erredakzioa

Quick Step taldeko txirrindulari kolonbiarra nagusitu da Turkiako Tourreko bosgarren etapan. Degenkolb (Trek Segafredo) eta Nathan Haas (Katusha Alpecin) menderatu ditu azken metroetan.

2:06

Alvaro Jose Hodeg (Quick Step) kolonbiarrak irabazi du Turkiako Tourreko bosgarren etapa, Selcuk eta Manisa artekoa, eta 135,7 kilometroko ibilbidea izan duena. Alexey Lutsenkok (Astana) jarraitzen du lider.

Hodegek 22 urte ditu, eta 2018ko bosgarren garaipena erdietsi du. Bigarren izan zen Sam Banettek (Bora Hansgrohe) irabazi zuen bigarren etapan, eta larunbat honetan ez du garaipena lortzeko aukera alferrik galdu.

Etapan zehar hainbat ihesaldi saiakera egon dira. Hala ere, aurrera egin duen bakarra, besteak beste,  Amaro Antunes (CCC) eta Rafael Reis (Caja Rural) egon diren boskotearena izan da. Ihesaldiko taldetxoak 2 minutu eta 35 segundoko abantaila izan du tropelarekiko, baina esprinterren taldeak jarri dira lanean eta ihesaldia behera bota dute.

Tropela bat eginda iritsi da azken metroetara eta esprintean Hodeg izan da azkarrena. John Degenkolb (Trek Segafredo) izan da bigarren eta Nathan Haas (Katusha Alpecin), hirugarren.

Lutsenko da sailkapen nagusiko liderra, eta 4 segundora du bigarren sailkatua den Haas. Euskadi Murias taldeko Eduard Prades laugarren da sailkapen nagusian, liderrarekiko 6 segundora.