Itxi

Txirrindularitza

KOLONBIAKO TOURRA

Jungelsek etapa eta liderraren elastikoa eskuratu ditu Medellinen

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Deceuninck-Quick Step taldeko txirrindulariak 1,2 kilometroren faltan egin du ihes eta bakarrik helmugaratu da.

  • Bob Jungels

    Bob Jungels bere garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Bob Jungels luxenburgarrak Kolonbiako Tourreko laugarren etapa irabazi, eta, bide bate, bigarren garaipena eman dio Deceuninck-Quick taldeari.

Tropeleko txirrindulari azkarrenentzat (besteak beste, Alvaro Hodeg bere taldekidearentzat) aproposa zirudien etapan, Jungelsek ezustean harrapatu ditu guztiak helmugara iristeko 1,2 kilometroren faltan jo duen erasoaldiarekin.

Gainerakoak baino indartsuago azaldu da etapako azken metro horietan, eta bera bakarrik sartu da Medellingo kaleetan kokatuta zegoen helmugan. Etapaz gain, liderraren elastiko laranja ere bereganatu du, Rigoberto Uran (Education First) kolonbiarraren kaltetan.

Horrenbestez, Jungels dago orain lasterketaren buruan, 10 ordu, 24 minutu eta 13 segundoko denborarekin. Haren atzetik Alaphilippe taldekidea dago, bi segundora; hirugarren postuan, aldiz, Uran dago, lau segundora.

Larunbat honetan, lasterketako bosgarren etapa jokatuko dute txirrindulariek, La Unionen hasi eta bukatuko den 177,2 kilometroko ibilbidean zehar. Txirrindulariek bigarren eta hirugarren mailako mendateei egin beharko diete aurre.