Itxi

Txirrindularitza

2019ko Kataluniako Itzulia

Lehen etapa eta liderraren elastikoa, De Gendtentzat

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Lotto Soudal taldeko belgikarrak 2:42 aldea atera die tropel nagusiko faboritoei.

10:50
Thomas de Gendt. Foto: EFE

Thomas de Gendt (Lotto Soudal) belgikarrak irabazi du astelehen honetan jokatu den Kataluniako Itzuliko lehenengo etapa, Calellan hasi eta amaitu dena (163,7 kilometro). Horrenbestez, bera da 99. edizioko lehen liderra.

Mendi ertainekoa izan den lehen etapa horretan bost mendate igo behar izan dituzte txirrindulariek. Mota horietako ibilbideetan ihesaldia harrapatzen iaioa da De Gendt, eta hala erakutsi du gaurkoan ere. Etapa hasieran antolatu den eguneko ihesaldian sartu da beste bost kiderekin batera, eta bakarka iritsi da helmugara tropelari aurre hartuta. Hartara, Kataluniako lasterketan lortu duen laugarren garaipena eskuratu du belgikarrak, 2013an, 2016an eta 2018an ere etapak irabazi baitzituen bertan.

De Gendtek 2:30ko aldea atera dio etapan bigarren izan den Maximilian Schachmann (Bora) alemaniarrari. Jarraian, lau segundo geroago, tropel nagusia helmugaratu da Grega Bole (Bahrain Merida) buru zuela. Bertan zeuden lasterketa irabazteko faboritoen artean dauden Alejandro Valverde eta Nairo Quintana (Movistar) edota Egan Bernal eta Chris Froome (Sky), besteak beste.

Etapa irabazteaz gain, belgikarra mendiko eta erregulartasuneko sailkapenen buru da. Jardunaldian zehar igo dituzten bost mendateetatik lau lehen postuan igaro ditu, eta, hartara, lasterketaren amaieran sailkapen hori bereganatzeko jokoan bete-betean sartu da.

Meditarraneo aldetik bi etapa egin eta gero, tropelak Pirinioetako bi jardunaldiri ekingo die asteazkenetik aurrera. Horietako lehenengoan, txirrindulariek maila berezikoa den Vallter 2000 mendatea igo beharko dute.