Itxi

Txirrindularitza

Dopina

Jarlinson Pantanok positibo eman du EPOagatik, eta taldetik kanporatu dute

Erredakzioa

Trek Segafredok jakinarazi du txirrindulari kolonbiarra taldetik kanporatu duela, UCIren bitartez positiboaren berri jakin dutenean.

  • Jarlinson Pantano. Argazkia: EFE

    Jarlinson Pantano, 2018ko Voltan. Argazkia: EFE

Jarlinson Pantano txirrindulari kolonbiarrak positibo eman du EPOagatik, Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak (UCI) eta Trek Segafredo taldeak astelehen honetan jakitera eman dutenez.

Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak Trek Segafredo taldeari jakinarazi dio Jarlinson Pantanori 2019ko otsailaren 26an egindako analisian EPOa atzeman diotela. Proba horren berri jaso bezain pronto, Trek Segafredok Pantano taldetik at uztea erabaki du.

Trek Segafredok Jarlinson Pantanori buruz zabaldutako oharra

"Etsipen handiarekin bada ere, ohartarazi digute gure txirrindularia den Jarlinson Pantanok jakinarazpena jaso duela Txirrindularitzako Dopinaren Aurkako Fundazioak lehiaketatik kanpo egindako analisi batean positibo eman duelako. Dopinaren kontrako gure politika kontuan hartuta, taldetik at uztea erabaki dugu. Kasu honi buruz xehetasun gehiago jasotzen dugunean, horien berri emango dugu", zabaldu du Trek Segafredo taldeak ohar baten bidez.