Itxi

Txirrindularitza

Dauphine Criteriuma

Van Aert belgikarra gailendu da esprintean, eta Yatesek lider izaten jarraitzen du

Agentziak | Erredakzioa

Jumbo taldeko txirrindularia Sam Bennett irlandarrari (Bora) eta Julian Alaphilippe (Deceininck) frantziarrari gailendu zaie.

1:27
Van Aert

Wout Van Aert belgikarrak (Jumbo Visma) bi etapa jarraian irabazi ditu Dauphine Criteriumean. Van Aert azkarrena izan zen asteazkeneko erlojuaren kontrako saioan eta bosgarren etapan ere bera gailendu da, esprintean. Guztira, 201 kilometroko ibilbidea egin dute txirrindulariek Boën-sur-Lignon eta Voiron artean.

Van Aertek 24 urte ditu eta hiru aldiz irabazi du Munduko ziklokros txapelketa. Gaurko etapan, Sam Bennett irlandarra eta Julian Alaphilippe frantziarra hartu ditu mendean, azken metroetan. Azkenean, belgikarrak 5 ordu eta 33 segundoko denbora egin du.

Sailkapen nagusian, Adam Yatesek lehen postuan jarraitzen du, Dylan Teuns belgikarra bigarrena da, lau segundora, eta Tejay Van Garderen estatubatuarra hirugarrena, sei segundora.

Ostiralean seigarren etapa jokatuko dute, 228 kilometrokoa, Saint-Vulbas Plaine de l'Ain eta Saint-Michel-de-Maurienne artean, aurtengo edizioko luzeena.