Itxi

Txirrindularitza

Paris-Niza (2. etapa)

Nizzolok irabazi du etapa, esprintean Ackermann gaindituta

Erredakzioa

Giacomo Nizzolo (NTT Pro Cycling) izan da nagusi Paris_Niza lasterketako bigarren etapan, eta Maximilian Schachmannek (BORA) jarraitzen du sailkapen nagusiko lidertzan.

  • Giacomo Nizzolo. Argazkia: EFE

    Giacomo Nizzolo, etapa garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Giacomo Nizzolok (NTT Pro Cycling) irabazi du Paris-Niza lasterketako bigarren etapa. Etapa hori Chevreuse eta Chalette-sur-Loing artean egin da eta 166,5 kilometroko ibilbidea izan du. Maximilian Schachmannek (BORA-hansgrohe) lidertzari eutsi dio.

Euriak, haizeak eta amaieran eguzkiak baldintzatu duten etapa gogorra gainditu dute txirrindulariek astelehen honetan. Azken metroetara sei txirrindulari iritsi dira ihes eginda. Horien artean, Nizzolo nagusitu da, esprintean Pascal Ackermann (BORA-hansgrohe) mendean hartuta. Jasper Stuyven (Trek-Segafredo) izan da hirugarren.

Helmugako azken 300 metroetan ez da ikuslerik egon, koronabirusagatik. Nils Politt (Israel Start-Up Nation) izan da laugarren, eta Sergio Higuita (EF Pro Cycling) bosgarren. Helmugara lehen hamabi postuetan heldu diren txirrindularien artean egon dira Mads Pedersen (Trek Segafredo), Vincenzo Nibali (Trek Segafredo) eta Maximilian Schachmann (BORA-hansgrohe) liderra, besteak beste.

Orain, Schachmann sailkapen nagusiko liderrak 15 segundoko abantaila du bigarren postuan den Nizzolorekiko, eta 23 segundoko errenta dauka laugarren postuan den Sergio Higuitarekiko (Education First).